Euskararen Eguna

Aramaio, Arabako arnasgunea

Mirian Biteri 2019ko aza. 29a, 17:30

Arnasa Gara ekimenaren aurkezpena, Aramaioko kultura etxean. MIRARI ALTUBE/GOIENA

Gorbeialdeko hainbat udalerritan ekintzak antolatzen ari dira Euskararen Egunaren bueltan; tartean, Arnasa Gara ekimenaren aurkezpen ekitaldia egin dute Aramaion.

Arabako kuadrilla euskaldunetarikoa da Gorbeialdea, eta Gaindegiak Euskaraldiako parte-hartze datuak hartu eta zenbakitara ekarrita hori erakusten dute. Asteotan aurkeztutako datu horiek honakoak dira: Aramaion, 341 lagunek parte hartu zuten iaz; Legution, 280; Zuian, 241; Urkabustaizen, 226; Zigoitian, 198 eta Arratzua-Ubarrundian, 70. 

Datuek, dena dela, agerian utzi dute euskararen normalizazioaren bidean oraindik ere asko dagoela egiteko, eta horregatik, hainbat ekintza ari dira prestatzen Euskararen Egunaren bueltan Aramaion, Zuian, Legution eta Urkabustaizen; Zigoitian eta Arratzua-Ubarrundian ez dago ezer aurreikusita.

Jarduera guztien artean, aipatzekoa da Aramaion egindakoa: Arnasa Gara kanpainaren aurkezpen ekitaldia izan da, herriko kultura etxean. Aramaioko udalerria UEMA-n, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, dago sartuta eta euskararen arnasgune moduan identifikatuta dago, eta ostegunean arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratu zuten; aldi berean, abenduan aurkeztuko den serie digitalaren aurre-estreinaldia egin zuten, eta aktoreekin solasaldia. 

Arnasa Gara proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz. Ekimenak bi fase ditu: lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatzen da. Horretarako, hilabeteotan Euskal Herriko 22 udalerritan bertako eta inguruko herritarrentzako aurkezpen saioak egiten ari dira; Araban, Aramaion baino ez da horrelakorik egingo. Bigarren fasean, Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko.

Ruper Ordorikaren kontzertua

Horrez gain, badaude bestelako ekimenak Aramaion. Iganderako, abenduak 1, herri lasterketa antolatu dute 12:00etan, plazan. Abenduaren 3an, ostera, eskola izango da protagonista: 11:15ean, Kantuz bizi saioa eskainiko dute Alaiak erretiratuen elkartekoek eta ikasleek; eta 14:00ean, ipuin kontalaria izango da herriko liburutegian. Amaitu aurretik, kontzertu berezia izango dute abenduaren 8an, igandea, 19:00etan: hain justu ere, Ruper Ordorika oñatiarra igoko da egun horretan kultura etxeko agertokira. Sarrera bost euroan dago salgai. 

Baina, Aramaion ez ezik, bestelako udalerrietan ere jarduerak antolatzen ari dira. Urkabustaizen, Fermin Muguruzaren Black is beltza filma ikusteko aukera izango da abenduak 1ean, 19:00etan, kultura etxean. Beste hainbat herritan bezala, Euskaraldirako prestatze lanetan ere murgilduko dira han. Legution, Euskara Plaza ekimena egingo dute abenduaren 3an, 18:30ean, plazan; bertako elkarteek eta norbanakoek bertsoak, abestiak eta bestelakoak kantatzean datza ekimen hori. Zigoitian, azkenik, bertso-glosa saioa dago aurreikusita abenduaren 6rako. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago