2019ko udal-hauteskundeen ostean, bozken %46,77a eta bost zinegotzi lortuta, ekainean lortu zuen alkatetza Fernandez de Gamarrak Legutioko Udalean.
Gaur bertan ALEAri helarazitako ohar batean adierazi du kargua hartu zuenetik ez duela "familiarekin egoteko denbora nahikorik" eta, horren ondorioz, denbora batez, lanean eszedentzia eskatzea erabaki duela. Hala ere, ez du "egunerokoan Udaletik deskonektatzea" lortu eta ez zegoen "guztiz ziur" beste lana uztea erabaki egokia ote zen, azaldu duenez: "Ez dut beste lana utzi nahi lau urtez".
Hortaz, azkenean alkatetza uztea erabaki du Fernandez de Gamarrak. Dimisioa gaur arratsaldean Udal osoko bilkuran burutuko da. "Erabaki zaila izan da", adierazi du. Bere bi alabek eta bere bikoteak "etxean denbora gehiago" behar dutela argudiatu du.
Lau hilabete hauetan "oso gustora" lan egin duela ere azaldu du oharrean, "beste zortzi zinegotziekin zein udaletxeko langileekin".
Bere kideei "konfidantzagatik eta uzteko erabakia ulertzeagatik" eskerrak ematearekin batera, "hautesleren bat dezepzionatu badu" sentitzen duela azpimarratu du. Baina ziur dago hurrengo alkateak zein bere ordez sartuko den zinegotziak "lan ona egingo dutela".
Honela amaitu du bere mezua ALEAri helarazitako oharrean: "Herrian egongo naiz auzolanetan laguntzeko, herriko jai herrikoietan parte hartzeko eta nahi baduzue kafe edo garagardo bat hartzeko. Milesker Legutio!".