'Begiz jotako koplak' liburua osatu dute Manex Agirrek eta Alex Mendikutek

Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 15:04
'Begiz jotako koplak' lana aurkeztuko dute ostiral honetan. GOIENA

Aramaioko Sastiñako festibalaren barruan, irailaren 20an, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, aurkeztuko dute argazkiak eta bertsoak nahasten dituen lana.

Manex Agirre bertsolariak eta Alex Mendikute argazkilariak Begiz jotako koplak liburua aurkeztuko dute ostiral honetan, Aramaioko Sastiñako festibalean. Liburuak ehun argazki inguru bildu ditu, Mendikutek 2010. eta 2017. artean ateratakoak. Denak dira Aramaion eginikoak, eta denetan ageri dira herritarrak; batzuetan bakarka, beste batzuetan lagunduta edo taldean. Agirrek, berriz, argazki horietako bakoitzari bertso bat jarri dio, kasuan kasu neurri ezberdinekoa.

Aramaioko Udalaren webguneari aurreratu diotenez, bertsoak eta argazkiak uztartzeko moduak lan apur bat eskatu du: "Bertsoak idazterako orduan, distantzia jartzea garrantzitsua izan da. Horren ondorioz, pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak. Beraz, liburuak bi irakurraldi merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute".

Agirrek eta Mendikutek azaldu dutenez, liburua oso oso lokala da: "Argazkietan agertzen direnak ezagutzen dituenak gozatuko du gehien. Hala ere, herritik kanpora ere interes apur bat badu, beso zabalik hartuko dugu…". Aurkezpenaren egunean liburua saldu egingo da, 20 euroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide