Festa handi batekin ospatuko dute larunbatean Gorbeiako parke naturalaren 25. urteurrena

Erredakzioa 2019ko ira. 11a, 12:18

Ibilbide gidatuak, 36ko gerrako lubakiak ikusteko bisita, tailerrak eta jolas gunea izango dira, besteak beste, Sarriako parketxean.

Gorbeiako parke naturalak zilarrezko ezteiak bete ditu aurten, eta hori ospatzeko festa handia antolatu du larunbaterako Arabako Diputazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin; Sarriako parketxean izango dira jarduerak.

Babestutako ingurune horretako eragile ezberdinak egongo dira egun horretan ordezkatuta. Besteak beste, ardi latxen artilea lantzen ikasteko tailer bat egingo dute, eta Gorbeiako Artzaintza: iragana, orainaldia eta milaka urteko lanbideko etorkizuna izeneko ikus-entzunezkoaren aurrerakina estreinatuko dute, Gorbeiako artzainak bertan izango direla.

Horrez gain, ibilbide gidatuak izango dira Arabako Natura Institutuko adituekin; flora eta faunarekin lotutako zehetasunak eskainiko dituzte, besteak beste. Eta ibilbide etnografikoa ere egongo da, 36ko gerra garaiko Txintularrako lubakietara.

Denboraren kapsula

Halaber, Gorbeia inguruko kolektiboetako ordezkariek denboraren kapsula bat lurperatuko dute, azken 25 urteak gogoratzeko. Bertan objektu sinbolikoak sartuko dituzte, 2044. urtera arte gordeta egongo direnak.

Etnobotanikako tailer bat ere antolatu dute inguruko landareen ezaugarri medizinal, gastronomiko eta kosmetikoak ezagutzeko; eta umeentzako joko gune handi bat jarriko dute. Urteurreneko programa osatzeko eta amaiera emateko pintxo-pote herrikoia izango da, bertako produktuak eskainiz.

Izena aurretik

Jarduera gidatuetarako plaza mugatuak daude eta aurretik eman behar da izena. Horretarako, Arabako Diputazioak gune bat egokitu du bere webgunean (araba.eus), jarduera bakoitzari buruzko argibideak jasota eta jardueretan izena emateko aukerarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide