Marrualdia dela eta, irailaren 2tik ezingo da ibilgailuekin sartu Gorbeian

Erredakzioa 2019ko abu. 29a, 09:50
Marrualdian daude oreinak irailetik aurrera. AFA

Zeregin zehatzetarako soilik sartu ahalko da, baimenarekin.

Arabako Foru Aldundiak mugatu egin du ibilgailuen zirkulazioa Gorbeiako Parke Naturalean, irailaren 2tik  urriaren 6ra arte. Oreinen marrualdiaren garaiagatik ezarri dute debekua, parkearen Arabako aldean, hau da, Zuiako eta Zigoitiko udalerrietan. Zirkulazioa mugaturik izango duten pistak eta bideak behar bezala seinaleztatuko dituzte. 

Modu horretan, zuraren, egurraren, larreen, luberrien edo sasien aprobetxamenduekin edo zientzia ikerketekin zerikusia duten kasu baimenduetan ez ezik, galarazita egongo da zirkulazioa. Era berean, zaldiz eta mendi-bizikletaz ibilbideak egiteko parkeko arduradunen baimena beharko da.

Diputazioko arduradunek adierazi dutenez, neurriaren bitartez marrualdian dauden oreinak sakabanatzea ekidin nahi dute, kanpoko zaratak eta molestiak murriztuz. "Aurreko urteetan marrualdian ibilgailuen zirkulazioa murrizturik, hobetu egin da espeziea, eta gutxitu egin dira kalteak eremu horretan".

Bisitaldi gidatuak

Beste alde batetik, marrualdia gertutik ezagutu nahi duen orok aukera izango du gune jakin batzuetatik entzuteko, talde txikietan, eta material espezializatua erabilita. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak hamabost eta hogei laguneko talde murriztuetan bisitaldiak antolatu ditu.

Bisitaldiak irailaren 20an, 21ean, 27an eta 28an izango dira, iluntzean, eta plazak zozketa bidez esleituko dira. Izenak emateko epea datorren astelehenean, irailak 2, hasiko da eta irailaren 13an amaituko da. Zozketa irailaren 16an hasiko da. Izen ematea Gorbeiako parketxera (Sarria) telefonoz (945 430709) deituta egin daiteke edo mezu elektroniko bat idatzita (parquegorbeia@parques.araba.eus).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide