Kale nagusia herriko plazara iristen da, eta bertan aurkituko ditugu eraikin garrantzitsuenak. Batetik, Bizente Goikoetxea musikari ospetsuaren etxea ikus dezakegu, plazari izena ematen diona. Aramaioarra hil zela ehun urte bete ziren 2016. urtean, eta mendeurrenaren bueltan, etxe horretako horman dagoen plaka eraberritu zuen Udalak, baita Bañera parkean jarrita dagoen eskultura ere.
San Sebastian edo Sastiña ermita ere ikus daitezke honetan. Beronen inguruan Ibarra herria sortu zen eta bere inguruan egiten ziren azokak eta jaiak. Laurehun urtez gorde dira barruan udal pisuen eta neurrien patroiak eta udaleko idazki eta agiri garrantzitsuenak.
Udaletxea, berriz, 1742 eta 1746 urteen artean harlanduz eraikitako eraikuntza sendoa da.
Bost arku ditu fatxadan, eta kanpai-horma dorrexka. Espetxe eta alondegi gisa erabili zuten garai batean, eta hain zuzen, 1872. urtean, Santa Kruz Apaiza gerrillari karlistak bertatik ihes egin zuen hil behar zuten egunaren aurreko gauean.
Josemari Velez de Mendizaba- lek idatzi duenez, "aparteko maina eta abileziarekin zaintzako soldadua engainatu ostean udaletxeko balkoitik kalera jauzi egin zuen gaueko iluntasunean. Orkatilan zauritua egon arren, korrika desagertu zen inguru haietatik Errotabarri aldera. Errekara sartu zen eta osin batean ia-ia hogeita lau ordu eman zituen. Tarte luze hartan bere burutik igarotako gogoeten berri emango du urte batzuk geroago Santa Cruzek berak zenbait idazkitan". Inguruneak txango ugari egiteko eta baserri ederrak ikusteko aukera eskaintzen du. Hala, Ibarrako Arraga auzoan baserri ikusgarriak daude, oso sakabanatuak. Gainera, Iturrieta sagardotegi-erretegia dago bertan. Eguzkierripa auzoan, berriz, Maskariano baserria dago, haranean dagoen zaharrena –1454. urtea–.
Kuadrilla: Gorbeialdea.
Udalerria: Aramaio.
Biztanleak: 902 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: 7.300 hektarea inguruko azalerarekin, EAEko hogei udalerri handienen artean dago Aramaio.