Kolorez jantzi dute Aramaio

Erredakzioa 2019ko mai. 12a, 06:46

180 dantzari inguruk parte hartu dute larunbatean Aramaion ospatu den kuadrillako dantzarien egunean.

Gorbeialdeko dantzarien IV. topaketa egin dute, Aramaion, larunbat arratsaldean. 17:30ean abiatu dira kuadrillako talde desberdinak herriko plazatik pilotalekura, kalejiran. Orotara, 180 dantzari inguruk parte hartu dute topaketan: Zuiako dantzariak, Oketa Alaia, Bidabarri, Triskari eta Lagun Artean taldeetakoak.

Arratsalde eguzkitsua izan dute dantzariek, eta giro ezin hobean ospatu ahal izan dute haien egun berezia. Hitzordu horretarako beren-beregi prestatutako koreografiak aurkeztu dituzte talde desberdinek. Dantzari heldu zein txikien trebezia ez ezik, bereziki txistularien jarduna txalotu dute, metronomoa behar izan gabe ere, ederki asko moldatu direlako dantzarien mugimenduekin bat.

Erakustaldiaren amaieran, parte-hartzaile guztiek ohorezko aurreskua jaso dute, anfitrioien eskutik; ondoren, mahaiaren inguruan bildu dira, berriketan, jana eta edanaren aitzakiaz. Zuzenezko musikarekin bukatu dute ekitaldia, dantza saio gidatu batekin batera.

 
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!