Kasatxoko bazkide batzuk jakinarazi diote Aramaioko Udalari norbaitek edo norbaitzuk elkartearen inguruan dagoen lur publikoko hamabi arbola hondatu dituela, motozerrarekin. Aramaioko Udalak gogor salatu du ekintza eta dagokion salaketa ere jarri du Ertzaintzaren aurrean, "beharrezkoak diren gestioak egin daitezen, eta hondamendiaren arduradunak identifikatu".
Horrez gain, horrelako ekintzen aurrean, zentzuz jokatzea eskatu du Udalak, eta norbaitek gai honen inguruko informazioa badu, abisua emateko. "Horrelako ekintzarik egiten ikusiz gero, edota egiteko asmoa duen norbait sumatuz gero, abisua eman eta geldiarazteko eskatu"
Udalak salaketan azaldu duenez, urte asko dituzte arbola hauek eta eraso honegatik bat edo beste hil egingo da seguruenik. "Ezin dira horrelako portaerak onartu, natura guztiona da, gu naturaren parte gara, eta ezin ditugu zentzugabeko umekeri lotsagarri hauek onartu".