Elkartasunak senidetu ditu Verges eta Zuia

Erredakzioa 2019ko mai. 2a, 10:21
Zuian herri-galdeketa egin zutenean Vergesko lagunen babesa jaso zuten. PHOT.OK

Hilaren 9an senidetzeko akordioa sinatuko dute Euskal Herriko eta Kataluniako alkateek, Zuiako udaletxean.

Gironako Vergesko eta Euskal Herriko Zuiako udalen arteko senidetzeko akordioa sinatuko dute hilaren 9an, arratsaldean, Zuiako udaletxean. Bi udalek senidetzeko proposamena osoko bilkuretan onartu dute, martxoan Vergesen eta otsailean Zuian, eta bientzako hau izango da beste herri batekin senidetzen diren lehenengo aldia. 

Ekitaldi ofiziala 20:00etan hasiko da, eta Ignasi Sabater Poch eta Unai Gutierrez Urkiza alkateak izango dira bertan. Halaber, Zuiako Udalak gonbidapena luzatu die herriko kultura, kirola eta gizarte eragileei, udalerriko hamaika batzar administratiboen arduradunei, Gorbeialdeko Kuadrillako gainerako udalerriei, Gure Esku Dago taldeetako kideei, ANC-koei eta abar. Zuiako Udaleko alkatearen hitzetan "bi udalerrien arteko esperientziak eta jarduerak partekatzeko eta trukatzeko abiapuntu bat izango da, bai eta udalerrietako talde eta herritarren artean ere, guztion onerako".

Kataluniako herriari babesa

Verges eta Zuia udalen arteko senidetzea Gure Esku Zuiaren proposamena da, eta Kataluniako herriari babesa eta elkartasuna erakustea du helburu nagusia, "Espainiako botere politikoek eta judizialek herritarren gehiengoaren borondatearen kontra hartu dituzten jardun larrien ondorioz bizi duten egoera kontuan hartuta".

Verges herria aukeratzeko arrazoi nagusia da Kataluniako Motards Independentistes elkartearekin dagoen harremana. Motorzaleek Zuia bisitatu dute hainbat alditan azken lau urteetan eta duela urte batzuk Zuian bizi da taldeko kide bat. Bestalde, Verges eta Zuia artean antzekotasun garrantzitsuak daude: landa guneak dira biak, tamaina txikikoak (2.500 biztanle Zuian, 1.200 Vergesen) eta ondasun kulturala eta soziala handia dute. Gainera, Beheko Anpurdan kokatuta dagoen udal horretan jaio zen Lluis Llach kantautorea, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiari buruzko Campanades a Morts abestia idatzi zuena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide