Gure bazterrak

Elosu, eltzegintzari lotuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko api. 27a, 07:00

Elosuko Ollerieta auzoan dago eltzegintza museoa. BUZTINGINTZA MUSEOA

Elosuko Ollerietan dago Euskal Buztingintza museoa.

Urrunagako urtegitik gertu dago Elosu, eta Gasteiztik hamabost bat minutura. Behe Paleolitikoaz geroztik, giza presentzia egon da eremuan, baina 1025. urtera arte ez dugu Elhosu izena aurkituko dokumentuetan: Elosua, Helossua eta Losu izenak hain zuzen.  Alfonso XI.ak emandako Fundazio-kartaren arabera, 1333. urtean Legutiori atxiki zioten herria. 

Espainiako Gerraren garaian, 1936an, Elosuko 17 lagun fusilatu zituen inkontrolatuen talde batek.  Gainera, herria bonbardatu zuten, eta bertako San Migel eliza erabat suntsitu. Geroago berreraiki zuten, baina jatorrizko elementu gutxi batzuk baino ez zituen gorde.  Elosu inguruan hasi zen ere Legutioko Gudua.  

Gerraren arabar frontea dokumentatu eta zabaltzeko asmoz, 2017an, EHUko arkeologo talde batek, Ketura izeneko parajean, errepublikanoen bi gotorleku aurkitu zituen, baita garaiko grafiti batzuk ere.

Elosuko Ollerietan dago Euskal Buztingintza museoa. 1711. urtean eraiki zuten baserri dotorea, eta ondoan zeramika egosteko harrizko labe tradizionala paratu zuten. Ia 250 urtez buztingintzan aritu zen Ortiz de Zarate sendia. 1958. urtean, ordea, urtegiaren eraikuntzak seko gelditu zituen lanak. Blanka Gomez de Segurak Ortiz de Zarateren eskutik ekin zion buztingile ofizioa ikasteari, eta baserria erosi zion.

Fitxa: 

Kuadrilla: Gorbeialdea.

Udalerria: Legutio.

Biztanleak: 86 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Maghu izeneko Arabako eguzki-loreen landaketa bakarra Elosun dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago