Xabi Bandini: "Lan lasaia izan behar zuena, izerdi eta pasio bihurtu da"

Erredakzioa 2019ko mar. 21a, 10:19

Kerobia musika taldearekin egin zen ezagun. Ostean, tarte labur batez, Antikontinente taldearekin izan zen taldekide berdinekin. Eta azkenaldian, berriz, bakarlari moduan dabil Xabi Bandini musikaria, 'Begibakar' diskoa eskuetan. Alea FM saioan elkarrizketatu dute Bandini.

Isilune tarte baten ostean, Madrilera joan zen gazte iruindarra eta han konturatu  zen ahotsa, gitarra eta sintetizadore batekin nahikoa zuela berriz ere kantak sortu eta hunkitzeko, apaingarri gutxirekin.

Madrilgo 29 metro karratuko pisu batean sortu eta grabatu zenuen diskoa, ezta?
Bai, hala da. Orain dela urte eta erdi inguru, Madrilera jaitsi nintzen lan egitera eta nire pisu txiki horretan hasi nintzen kantak egiten, eta berriro ere nire burua hunkitzen. Gutxika, nahi izan gabe ere, gorpuztuz joan da proposamen bat, disko bihurtuko dena, Begibakar deituko dioguna; eta gainera, azken hiru hilabeteotan beste transformazio bat izan duena zuzenekoetarako. Laburbilduz, Xabi Bandini berriro sartu da nahi gabe musikaren munduan lanean, eta taula gainean.

Nor da Begibakar?
Behin, kantak egiten hasi nintzenean eta lana aurkezteko erabilitako abestia egin nuenean, pertsonaia bat etorri zitzaidan burura, gizakia ez zena ez eta piztia ere; erdibideko zerbait zen. Horri Begibakar deitu nion; batek Tartalo dei diezaioke edo besterik gabe, begi bakarra duena edo begia galdu duena. Diskoaren kanta ezberdinetan pertsonaia honen historia bat kontatzen da. Ez da disko kontzeptual bat hau, baina badago istorio bat eta pertsonaia bat.

Azalean, besteak beste, bisonte bat ageri da…
Hala da. Gizona gizaki bezala eta bisontea pizti bezala imajinatzen ditut. Momentu zehatz batean, batak besteari begiratzen diote; bisonteak pentsatzen du bera animalia bat baino ez dela eta planeta honetan ez duela misio zehatzik, eta gizakiak, bitartean, bera desagertuko den gogoeta egiten du. Begibakar erdibidean geratzen da.

Etapa honetan, nolakoak dira kanten letrak? Sakonagoak, agian?
Ez. Kerobia jarraitzen zutenek badakite beti gizakiaren pasioaz hitz egiten genuela: beldurrak, pozak, desioak… pertsonaien istorioak kontatzen genituen. Disko honetan hori ere badago, baina transzendentziaren begirada gehitu nahi izan diot. Hau da, letretan pasioa, beldurra eta bestelakoak daude, eta hori inportantea da, baina badago zati bat horren garrantzitsua ez dena eta azpimarratzen duena. Lan honetan ekarpen hori oparitu nahi izan dut, lasaitasun handiagorekin.

Erdaraz ere badituzu bi kanta. Zerk eraman zaitu horretara?
Madrilen nago eta gogoa nuen; eta publikoa zabaltzeko aukerarekin ere egin dut. Saiakera egin dut. Euskaraz gauza batzuk konta ditzakezu, eta gaztelaniaz beste batzuk; hor badago joko bat. Gainera, erdaldun batek bere buruari galdetu diezaioke ea zer esan nahi duen istorio horrek  euskaraz; misterio bat dago hor, eta niretzako, euskara, berez, misteriotsua da.

Nolakoak izan dira orain arte eskainitako kontzertuak?
Diskoa etxean grabatu dut nik neuk. Oso disko laua da: gitarra bat, ahotsa, sintetizadorea eta listo. Diskoa plazaratu nuenean Kerobiakoei esan nien ni aurrera nindoala musikarekin eta ea norbait nirekin etortzeko asmoa ote zuen. Alberto Isabak, baxu-jolea zenak, altxatu zuen eskua. Orduan, berriro hasi ginen disko berriko kantak moldatzen eta baita Kerobiarenak eta Antikontinenterenak ere. Gutxika, formatu berrira aldatu genuen, elektronikoagoa eta dantzagarriagoa egiten. Otsailaren 1ean, disko berriaren lehen kontzertua aurkeztu genuenean, kontzertu elektroakustiko bat aurkeztu genuen, oso dantzagarria eta energetikoa. Hau da, gauza lasai bat izan behar zuena, bat-batean, berriro ere, izerdi, pasio eta gogo bihurtu da.

Ezin duzu horretatik ihes egin...
Behin erritmoa hartuta, gustua ematen du. Kerobiarekin ere oso gustuko genuen izerdi horiek, eta berreskuratu ditugula uste dut. Gainera, jendeak eskatu dizkigun abestiak berreskuratu ditugu; eraldatu ditugu modu elektronikoago batean kontzertuetan eskaintzeko.

Kerobia zaleak pozik uzteko, orduan…
Jendeak eskatzen dizunean zergatik ez duzun kantu hori jotzen zergatik ez eman plazer hori, ez? Ostiralean Legution eskainitako kontzertuan hori eskaini genuen, eta martxoaren 28an, Gasteizen Falerina tabernako emanaldi horretan berdina egingo dugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide