Legutioko biztanleek bizitza ohitura osasungarriak izan ditzaten Mugiment Legutio programa abiatu zuen iaz Udalak. Zerbitzua 2018ko urriaren 2an hasi zen eta proiektuarekin jarraitzea erabaki dute aurten. "Edozein motako jarduera fisikoa egitea biziki garrantzitsua da elkarbizitza, laguntasuna, erregulartasuna, antolakuntza, elkartasuna eta abarreko baloreak lantzeko. Balore hauek gure biztanleen bizitzan eragin oso positiboak eduki ditzakete".
Programaren barruan, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak eskaintzen zaizkie pertsona inaktiboei. "Bertara gerturatu daitezke jarduera fisikoa egiteko behar duten aholkularitza, orientabidea eta laguntza jasotzera, beti ere, jarduera fisikoan aditua den pertsona baten eskutik, maiztasunez egiteko ohitura hartu arte".
Hasierako taldean parte hartu dute Legutioko Udalak, Legutioko Osasun Zentroak, Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko sailak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta egitasmoaren aholkularitza teknikoko eragileek. Proiektua aurrera joan ahala, eragile berri batzuk biltzea espero dute.