Larrazkueta eta Bitoriano lotzeko ibilbide bat dago, Zuiako eta Urkabustaizko udalerrien arteko lotura oinez edo bizikletaz egiteko egokia. Gilierna bide horren erdian dago. Landa izaera nabarmentzen da herrian, etxe dotoreak eta giro adeitsua. 659 metroko altitudean egoteagatik, behatoki pribilegiatua da Gilierna Zuiako haraneko gainerako herriei begiratzeko: Murgia, Oroko santutegia... Bista ederrak gozatzeko Santiago Apostoluaren elizaren ondoan dagoen Maxi Camararen plazara hurbildu behar da. Plazaren behealdean duela urte gutxi egindako bolatokia dago, zaletasun handia baitago herrian kirol honekin, eta Arabako bolo txapelketan parte hartzen dute herritarrek.
San Fausto zaindariaren jaiak Pilarreko egunean egiten dira. Aspaldi, jaietan, antxume bat herriko kanpandorretik jaisten zuten kable batekin musikarien agertokiraino. Egun, ohitura hori desagertuta dago.
Aldiz, El Pilarren alboradak egiteko tradizioari eutsi diote, nahiz eta, egun, bazkaldu ostean egiten dituzten.Trikitiekin lagunduta, etxez etxe joaten dira parrandazaleak eta etxe guztietan jateko eta edateko zerbait ateratzen diete.
Giliernatik gertu, lehen aipatu dugun Larrazkueta herrira bidean, Urkabustaizko Irla-Hariztia dago. Historian zehar eraso asko jasan dituen ekosistema baten hondarra da. Bertako eremu potentziala nekazaritza eta abelazkuntzarako erabili izan da. Gainera, AP68 autobideak basoa zeharkatu eta erdibitzen du, eta parajearen edertasuna kaltetzen du. Nahiz eta harizti gehienak gaur egun desagerturik egon, esparru barruan dauden multzo txiki batzuk gorde egin dira. Horietako nabarmenetako bat, duen hedadura eta egituraketa naturalaren aldetik, Godamo mendian dagoena da. Azterlan zientifiko berrienen arabera, irla-basoak garrantzitsuak dira ingurune deforestatuetan arboladi sistemei loturiko animalia espezieak kontserbatzeko. Hala, Urkabustaizko hariztiak eskualdeko babesleku bilakatu dira.
Kuadrilla: Gorbeialdea.
Udalerria: Zuia.
Biztanleak: 55 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Brontze Aroko Aislarra izeneko herrixkaren aztarnak topatu dituzte Gilierna inguruan.