Menpeko pertsonen zaintza lagunduko du Udalak

Erredakzioa 2019ko ots. 11a, 10:31
Zuiako Udalak aurrekontua onartu du. ALEA

Zuiako Udalak 3,3 milioiko aurrekontua onartu du.

Zuiako Udalak 2019ko udal aurrekontua onartu du. EHBilduren udal gobernuaren eta Zuiak Batzen Gaitu (ZBG) talde independentearen aldeko botoekin atera dira aurrera 3,3 milioi euroko kontuak; EAJ abstenitu egin da, eta PPk aurkako boto bakarra eman du.

Udal aurrekontuak zenbait partida berri ekarriko ditu. Horien artean, gizarte-laguntzak hobetzeko helburua duten bi nabarmendu ditu udal gobernuak. Hala, Udalak zerbitzu berri bat kontratatuko du, etxeko laguntza-zerbitzuko langileek egin ezin ditzaketen zaintzak modu berezituagoan egiteko, esate baterako psikomotrizitate edo buru-bizkortasuna espezifikoki lantzeko. Horretarako 10.000 euro zuzendu dituzte. Bestalde, ZBG taldeak proposaturik, 16.000 euroko diru-partida bat zuzenduko du Udalak menpeko pertsonak zaintzeko langileak kontratatu behar dituzten familiei gastu horretan laguntzeko.

Zuiako Udalaren aurrekontuetan partidarik altuena ur-horniduraren konponketak eta inbertsioak egiteko erabiliko da, 88.000 euro hain zuen. Halaber, 60.000 euro zuzendu ditu udal gobernuak eredu energetikoaren eredua aldatzeko eta eraginkortasun energetikoa areagotzeko bidean sakontzeko. Ildo horretan, 20.000 eurotako partida bat gorde da ere hondakinen kudeaketa hobetzeko.

Kontzejuetarako diru-laguntzek, aurtengoan ere, zati garrantzitsu bat izango dute, aurrekontu osoaren %11 inguru. Berdintasunaren aldeko ekimenak egiteko 7.000 euro gorde dira; eta azkenik, kiroldegian zenbait inbertsio egiteko partida 22.000 eurokoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide