"Kanpora joaten gara turismoa egitera, etxekoa ezagutu barik"

Mirian Biteri 2018ko urr. 28a, 08:32

Aramaioko Amillena elkarteak eta Udalak elkarlanean, udalerria sakonago ezagutzeko bisita sorta zabala prestatu dute. Amillenako koordinatzaile Libe Ramilak eman du ekimen horren berri.

Epe luzera begirako proiektua berreskuratu dute Aramaion: Amillena elkarteak eta Udalak elkarlanean, udalerria sakonago ezagutzeko bisita sorta zabala prestatu dute udazkeneko eta udaberriko hileko hirugarren igande goizetan. Ondarearekin batera, historia eta naturarekin lotutako irteerak direla azaldu du, besteak beste, Amillena elkarteko koordinatzaile Libe Ramilak.

Zein da Amillenaren asmoa?
Amillena haize mota bat da, berez, eguraldi aldaketa dakarrena; Gantzaga inguruan Anboto aldetik sartzen da, eta Uribarrin, Legutiotik. Bertako hitz bat berreskuratzeko asmotan aukeratu genuen Amillena orain dela bost bat urte. Hitza beraren esanahiak lagundu zuen aukeraketa horretan, herrian bizitzeko modua aldatzeko helburuarekin. Kontua da konturatu ginela, Aramaion bizi bagara ere, askotan ez dugula herria ezagutzen; kanpora joaten gara turismoa egitera, eta etxekoa ez dugu ezagutzen. Eta, aldi berean, konturatu ginen ezagutzen ez duguna errespetatzera ere ez garela iristen. Hortaz, herritarrei bereziki Aramaio ezagutaraztea izan zen elkartea sortzearen helburua, baina baita kanpotarrei ere.

Gutxi iraun zuen, baina, lanean?
Hala da, bai. Garai hartan, hiru lagun ginen: Jone Arriolabengoa, Ainara Inuntziaga eta ni neu. Hirurak langabezian geunden. Baina, jarraian topatu zuen lana batak zein besteak, eta stand by moduan geratu zen proiektua. Aurten berreskuratu dugu, eta, Udalarekin batera, Aramaio Ezagutu bisita gidatu sorta antolatu dugu, herria ezagutzeko helburu hori betetzen hasteko. Aldi berean, kanpora begira ere bagabiltza gure eskaintza zabaltzen, euskaltegi, ikastetxe eta abarrei.

Domekan egin zenuten lehen bisita.
Bai, Ibarra ezagutu genuen ordubetean. Oinarrizko jakintzen berri eman genuen: lehenik eta behin, Bañera parkea bisitatu genuen. Aramaiok bainuetxe bat izan zuen bertan; horren historia azaldu eta askotan identifikatzen ez dakizkigun aztarnak ikusi genituen. Handik, elizara joan ginen; arreta deitzen du neoklasikoa delako eta tenplu bat ematen duelako. Jarraian, plazara jaitsi eta udaletxea, Sastiña ermita edota Bixente Goikoetxea musikariaren etxea bisitatu genituen. Baserri Barri egitasmoak kudeatzen duen Ekonomatua ere ezagutu genuen. Lehen aipatutakoa, lehenengo gurea ezagutu, gero kanpoan indarra egiteko. Bisita oinarrizkoena izan zen domekakoa.

Noizko bigarrena?
Azarorako. Asmoa da, udazkenean eta udaberrian, hileko hirugarren domeka goizetan izatea bisitak; euskaraz eta doakoak izango dira guztiak. Modu horretan, udalerrian bertan edo Gasteizen bizi denak badaki egun horietan Aramaion zerbait dagoela. Ondarearekin batera, historia eta natura ere landuko dugu. Euskal Herrian mendiak duen garrantzia kontuan izanda, natura txangoak ere prestatu ditugu. Aramaion badago Errez izeneko ingurumen aholkularitza, eta horren eskutik ohiko ibilaldietatik ihes egin eta inguratzen gaituzten baso eta errekak beste modu batean ezagutuko ditugu azaroko txangoan. Helduei zuzenduta egongo da hori.

Bisitak, orduan, berezituta daude?
Bai. Batzuk familientzako izango dira: martxoan, bisita mitologikoa egingo dugu, eta  maiatzerako "Betaurreko berdeak" izenekoa ere aurreikusita dago: hain justu, kontsumo ohituretan eta elikadura-subiratunotasunean oinarrituta egongo dena. Gazteek ere bere tokia izango dute, askotan ahazten zaigun sektore bat delako. Apirilean egingo dugu beraiekin natura interpretatzeko irteera bat.  

Eta auzoetara, noiz?
Ekainean. Udalak bi mendi ibilbide zirkular berreskuratu ditu: Tellerixa bidea; eta bestetik, Azkoaga ingurutik doana. Horietako bat egingo dugu ekainean; Erdi Aroan oinarrituta egongo den bi orduko txangoa izango da.

Eskolari ere eskainiko dizkiozue hainbat bisita, ezta?
Hala da. Bisita sortan agertzen ez bada ere, hiru bisita eskainiko dizkiogu: natura interpretazioarena, betaurreko berdearena eta bisita mitologikoarena. Gainera, Udalak eguneko zentroan daudenekin ere egitea proposatu du. Bertako batzuen egoera dela eta, espezifikoa izango da: bisitaren zati bat proiekzio baten bidez egingo dugu, eta bestea kalera irtenda; mugikortasun arazoak dituztenek ere parte hartu ahal izango dute modu horretan. Herritar guztiengana heltzen saiatu gara.  

Bisita sorta honen atzetik lan asko egongo da?
Bagabiltza horretan ere. Dokumentazio lana eskatzen du, bai. Elkarrizketa egiten ibili gara eta jarraituko dugu egiten, Herri Curriculumak eskaintzen dituen sinergiak aprobetxatuz. Bestetik, Aramaioko artxibora oraindik ez gara heldu, eta Gasteizko museo arkeologikora ere badugu joateko asmoa. Herrikoarekin hasi gara eta apurka joango gara. Helburua da proiektua garatzea eta egonkortzea, epe luzerako proiektua aurrera ateratzea; baina, baliabideek baldintzatuko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide