Gure bazterrak

Mendibil, Ganboako bikariotzan

Erredakzioa 2018ko urr. 19a, 17:00

Jatorri euskalduna du Mendibilek, Ganboako bikariotzako herri guztiek bezala.

Zadorraren ertzean dago Mendibil, eta urtegiaren inguruan oinez edo bizikletaz ibiltzeko aukera ugari dago. Halaber, Ardoa eta Arrainaren GR-38aren 4. etaparen ibilbideak Amarita herriarekin lotzen du, eta 6. etapak Arbulurekin.

Aspalditik da Arratzuako Ermandadearen partaide, eta 1025eko agiri batean, Donemiliagako kodizean, Mendivil izenaz agertzen da. Dokumentazio horretan bi hustutako herri azaltzen dira Mendibilgo lur-eremuan: Sansoeta eta Iturragain; Mendibiletik ekialderantz bi kilometrotara zegoen Sansoeta. Donemiliagako dokumentuan aipatzen da monasterioari zerga ordaintzen ziola. Egun, Mendibileko elizan dago ikusgai bertako eliza zaharreko bataiarria, Done Ezteberi eskainia. Sansoetako herrixka eta tenplua ustezko arkeologia eremua bezala izendatuta daude, eta babestuta. 

Iturrain, berriz, 1257. urtean jadanik aipatzen dute, Ytuyraran grafiaz idatzita, Jeronimo Aznarren Kalagurriko zerrendan. Halaber, 1844. urtean, Madozek  Diccionario geogr·ficoan, Mendibil, Arzubiaga eta Dura artean herri baten aztarnak zeudela jaso zuen,  eta garai horretan oraindik Iturrain izena zuela eremuak. Basilika baten aurriak zeudela ere esaten du, eta bertan meza ospatzen zela 40 bat urte lehenagora arte, eta komunitateko hiru herriek bertan egiten zituztela batzarrak.

Jatorri  euskalduna du Mendibilek, Ganboako bikariotzako herri guztiek bezala. Izan ere, XVIII. mendeko agiri batean jasotzen da bikariotzako herri guztietan, tartean Mendibilen, euskaraz hitz egiten zutela. Dena den, L. L. Bonapartek1863. urtean osatu zuen mapa linguistikoan jada euskararen menpeko lurraldeetatik kanpo kokatzen du.

Hurtado Mendozatarren dorrea da herriko ondareetako bat; XIII. mendearen hasierakoa dela uste da; hormak eta estalitako gezi-leihoren bat geratu dira bakarrik, egun guztiz desitxuratua baitago eraikina. Halaber, Done Jakue apostoluaren parrokia-elizak XVIII. mendeko erretaula du, eraberritua.

Fitxa: 

Kuadrilla: Gorbeialdea.

Udalerria: Arratzua-Ubarrundia.  

Biztanleak: 45 (2017ko Eustaten  datuen arabera).

Bitxikeria: Gasteizko Eskoriatza Eskibelen kokatu zen seminarioaren fundatzailea Mendibilgo Domingo Ambrosio de Agirre apaiza izan zen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago