Antzina, Muxika-Olaeta deitzen zitzaion, Aramaioko jaunak, Muxika deitutakoak, XIV-XV mendeetan burdinolak eraiki zituelako bertan; tartean, Aurtola burdinola sortu zuen XIV. mende amaieran. Edo Bekolea izenekoa, duela 100 urteko egitura bera kontserbatzen duena, eta interes historikoko monumentu izendatuta dagoena.
Ondare aberatsa du 582 metroko altitudean, Otxandiorekin (Bizkaia) muga egiten duen herriak. Sortze Garbiaren eliza barrokoa dago, esaterako; 1575. urtekoa. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta Arrosarioko ama birjinaren eta San Antonioren irudiak ageri dira bertan. Kanpandorrea harlanduz egina dago, eta kanpai-horman hiru arku ditu. Berezia da bertako berogailu sistema, nordikoa delako; eserleku azpian dago. Bestetik, handik metro batzuetara, Plazako Gurutzea bezala ezaguna dena dago, XVIII. mendekoa.
Oleta El Limitado bezala ezagutzen den ingurunetik gertu dago. 1457. urtetik Aramaio eta Otxandio 592 hektareako zabalera duen lurraren jabetzagatik auzitan daude. Baserriak, enpresak, Otxandioko igerilekuak, ikastetxea eta pilotalekua daude, besteak beste, han.
Historiari erreparatuz gero, gertaera ilunak ditu Oletak. Alberto Barrondo oletarrak, esaterako, 1928. urtean gertatutako hilketa baten inguruko informazioa jaso du. Zehazki, Ildefonso Urartek bere emazte Justa Susaeta Martinez hil zuenekoa. Garai hartako komunikabideetan jasotakoaren arabera, maisua zen Urarte, eta han hasi zen eskolak ematen. Urte horretako uztailean emaztea hil eta lurperatu egin zuen. Jose Chiqui oletarrak topatu zuen gorpua. Urtebete beranduago epaitu zuten, eta hasieran ezarritako lau urteko kartzela zigorra eta 25.000 pezeta isuna kentzea eta epaitua eroetxe batean sartzea erabaki zuten.