Murgiako herrigunetik abiatzen da Gorbeialdeko Kuadrillarako aukeratutako ibialdia; hain zuzen ere, Bea-Murgia plazan du abiapuntu irteerak. Domingo de Sautu kalea hartuta, Gasteizerantz jo eta Gurutze Gorriaren eraikinera heldu aurretik, eskuma aldean dagoen bide bat hartu beharra dago; Goba erreka gurutzatzen duen bidea. Bertan aurkituko du bisitariak Jugatxirako bidea dioen kartela.
Haritz eta pago ikusgarrien artean egiten du aurrera bideak; historia luzeko zuhaitzak dira gehienak; lepatuak batzuk, enbor hutsekoak beste batzuk, baina ederrak guztiak. Askotariko hegazti eta ugaztunen gotorleku bihurtu dira, gainera.
Zuhaitzez gain, horien artean dauden soilguneetatik ikusgai dauden pasaiak ere azpimarratzekoak dira: Gorbeia, Berretin, Araza edo Oketa, alde batetik; eta Zuiako haranarenak, bestetik. Azken horretan, besteak beste, Ametzaga, Gilierna, Bitoriano, Murgia eta inguruko mendiak bereiztu daitezke.
Jugatxiko gailurra
Baselizara itzulita, eskuinetik hartuta ondo markatutako bidezidorra dago, Jugoraino eramaten duena. San Martin eliza da bertako aipagarreina; bi mailatan irekitzen diren puntu erdiko hiru arkuko kanpai-horma ditu, kanpaiak zintzilikatzeko. Aterpean dagoen harraska ere badu herriak. Azpimarratzekoa da, aldi berean, ingurunean, XIX. mendetik XX. mende erdi aldera arte, aldizka, berunezko meategia egon zela martxan.
Ibilaldiarekin jarraituz, harraskaren ondotik, eskuinera doan bidea hartu behar da, aurrerago porlanezko beste bide batekin topo egiten duena. Hori hartuta, eskuinera joko du mendizaleak, baso aldera doana, Jugoko azken baserrietako bat atzean utzita.
Jugotik Murgiara
Murgiara heltzeko asmoz, labore zein zelai berdeen ondotik doan bidea hartu beharra dago, eskuman hainbat bidegurutze atzean utzita. Pagorantz doan saihesbidearen 650 metrora dagoen bidegurutzera iritsi arte. Dagoeneko Murgiaren inguruetara itzuli da irteera; eskuinaldeko bidea hartuta, eta hortik errepidetik ezkerraldera jarraituta, beheko auzotik igarota, herriko plazan amaituko da ibilaldia.