N-240 errepideak bizi duen "trafiko pilaketak" kezkatuta, protesta deitu dute biharko, hilaren 15erako, Legutio eta Usansolo (Bizkaia) herrietako bi plataformak. Bi udalerrietako herritarrek egunero egin behar dute errepide horretatik joan-etorria, eta, egoerak kezkatuta, mobilizazio bateratua egitea erabaki dute. Elkarretaratzea egingo dute biek, aldi berean, bakoitzak bere herrian, 19:00etan; Legutioko zubi nagusian –18:30ean abiatuko da plazatik–, eta Usansoloko Gorosibaiko biribilgunean izango dira.
"Aski ezaguna da guretzat N-240 errepidea, egoera kaxkarragatik, kotxe, kamio eta zama-ibilgailu ugariengatik; herriak igarotzen dituzte horrek duen arriskuarekin, Barazarrek dituen malda eta bihurguneekin, eta ia egunero dago istripu edo gorabehera larriren bat", salatu dute ohar batean. 2000. urtetik, errepide horretan, 600 istripu baino gehiago izan direla gogoratu dute; 50 istripu larri eta 25 hildako.
Araba eta Bizkaia arteko komunikazio-bide nagusi honetarako "irtenbide bat" eskatu dute, euren ustez "arriskua, zarata, gastua eta ingurumen-kalte nabarmena" eragiten duelako.
Errepide honen mutur batean dago Legutio eta Usansolo bestean, baina ez dute bakarrik egon nahi, eta antolatutako elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. "Erakunde guztiei dei egin nahi diegu lehenbailehen arazoari irtenbide bat emateko, garraio elkarteei, udalerriei, Jaurlaritza eta Araba zein Bizkaiko Aldundiei...".