Espainiako bandera jarri behar izan dute Aramaioko udaletxean

Ainhoa Benito 2018ko eka. 13a, 18:00
Aramaioko udaletxean jarri dute Espainiako bandera. ALEA

Epaitegiek aginduta, azkenik Espainiako bandera jarri behar izan du Aramaioko Udalak.

Espainiako Gobernuak epaitegietara jo zuen Espainiako bandera Aramaioko udaletxeko balkoian jartzeko, eta azkenean epaitegiek arrazoia eman diote. Ekainaren 11tik jarrita dago.

Lierni Altuna Aramaioko alkateak adierazi du 2012tik hainbat errekurtso jarri dituztela Espainiako Gobernuaren aginduaren kontra, baina Gobernuak "sinboloen gerrarekin" jarraitu duela, eta oraingoan "Konstituzioa baliatuta" Espainiako bandera jartzea behartu du. Horrelako "inposizioarekin" ez dela herria errespetatzen adierazi du Udalak, bertako identitatea, hizkuntza eta kultura ez baitira kontuan hartzen.

Gainera, alkateak Aramaioko biztanleen gehiengoa euskalduna dela azpimarratu du, nahiz eta nazio ezberdinetako jendea egon. Gogoratu duenez, udaletxeko balkoian ez da sekula banderarik izan, baina duela sei urte Espainiako bandera "gutxienez" egon behar zela agindu zioten Udalari. "Biztanle gehienak euskal naziotasunarekin identifikatzen direnez, herriko plaza erdian jartzea erabaki genuen", azaldu dute Udaletik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide