Gure bazterrak

Eribe, hiriaren itzalpean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 23a, 11:30

Orografia malkartsuak, muturreko eguraldiak, eta ur-gabeziak ez dute lagundu Eribeko ekonomia, eta ez da oso herri oparoa izan.

Gezurra badirudi ere, XX. mendean, 1982. urtean hain zuzen, bi etxe bakarrik okupatuta zeuden Eriben, eta guztira bederatzi biztanle ziren bertan. Alta, Gasteiztik hurbil dagoenez, nekazaritza eremuetan bizitzeko joera berpiztu zen urteetan dozenaka lagun hiriburutik alde egin eta Eribera bizitzera joan ziren, eta egun inoiz baino etxe gehiago ditu herriak; batez ere txalet isolatuak dira, hesi altuak inguratuta.

Biziraupenekoa izan dira beti bertako nekazaritza eta abeltzaintza; garia, garagarra, babak eta lekaleak landatzen zituzten besteak beste, eta  zaldiak zein ardiak hazten zituzten mendi komunaletan XX. mendearen lehenbiziko urteak igaro arte. 

Agirien arabera, euskara Eribeko ohiko hizkuntza zen, baina XX. mendearen hasieran galdu zuten. Biztanle elebidun berriek (%20 gutxi gora behera) eta belaunaldi berrikoek euskara berreskuratu dute, eta aukera berriak suertatu dira euskararentzat.

Agirien arabera, euskara Eribeko ohiko hizkuntza zen, baina XX. mendearen hasieran galdu zuten.

Zigoitiko Udalaren informazioaren arabera, Eribe herriaren izena modu desberdinetan idatzita jaso da antzinako agirietan: Erdi Aroan, 871. urtearen inguruan, esate baterako, Eribeko larrea Erihehi bezala idatzita agertzen da Errioxako Kukulako San Millan  monasterioko agiri batean. Berriz, 1257an, Hereyue  edo Ereyve  bezala jasotzen da Calahorrako apezpiku Jeronimo Aznarren garaian egindako herrien nomina ordenatu batean; eta 1292an, Hereydee bezala ageri da. Historia gogoratzeko, elizaren ondoan dagoen eskultura batean zizelkatu dituzte izen horiek guztiak.

Azken ikerkuntza lanen arabera, Erdi Arokoa da herriko ondare arkitektoniko nagusia, San Martin eliza, X. eta XII. mendeen artean eraiki baitzuten. Erretaula nagusi barrokoa XVII. eta XVIII. mendeetakoa da, eta zenbait elementu interesgarri biltzen ditu: Taula batean Andre Maria erromanikoa dago, eta beste batean bolizko Kristo bat, Filipinetatik ekarritakoa, eta oso estimatua.

Kuadrilla: Gorbeialdea.

Udalerria: Zigoitia.  

Biztanleak: 64 (2017ko EUSTATren datuen arabera).

Bitxikeria: 1936. urteko azaroaren 30 eta abenduko 24ra bitartean borrokak izan ziren Eriben, Espainiako gerraren barruan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago