Zigoitiko arima arakatzen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 26a, 07:00
Abadelautea elkarteak antolatutako txango bat. ABADELAUETA

Hamar urtetik gora daramatza Abadelaueta elkarte etnografikoak Zigoitiko historiari eta ondareari erreparatzen.

Zigoitia osatzen duten herrien historia, ondarea, eta ohiturak galtzear ikusten zituztelako sortu zuten orain dela hamabi bat urte Abadelaueta elkarte etnografikoa: "Bizimodu tradizionala, landa eremuko ohiturak eta kontakizunak dakizkiten pertsonak desagertzen ari ziren, eta haiekin batera desagertzen ari zen ere gure herrietako ondarearen zati bat". Fernando Garcia de Kortazarrek azaldu du Zigoitiko apaizek egin zutela herrietako memoria berreskuratzeko lehen urratsa, eta ondoren lekukoa hartu zuen zigoitiarren talde batek sortutako elkarteak.

Lan eskerga egin ondoren, eginiko ikerkuntzaren emaitzak zigoitiarren artean aurrez aurre aurkezteko irrika sortu zaie, eta hamabi ibilaldi antolatu dituzte aurten Udalaren babesarekin. Azkena iragan larunbat goizean egin zuten. Garcia de Kortazarrek nabarmendu duenez, jende asko hurbiltzen ari da ibilaldietara: "Gehien bat Zigoitiko herrietakoak dira, baina Gasteizko jendea ere etorri ohi da".

Halaber, lana ezagutarazteko kazeta bat argitaratzen dute, urtekari bat; Akelarre izena du eta gai monografiko bat lantzen dute, urtean zehar eginiko ikerkuntzaren arabera. Azkena urari buruz egin dute, herrietako iturriak eta iturburuak, latsarriak eta horien inguruko ohiturak jaso dituzte. "Zigoitiko Udalak ordaintzen du aldizkaria, eta udalerriko etxe guztietan banatzen da".

Denetariko gaiak jorratu eta ikertu dituzte azken urteetan, baina, bat azpimarratzearren, Zigoitiko errotarrien harrobien aurkikuntza aipatu du Garcia de Kortazarrek: "Azken bi urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Castro etorri da Zigoitira eta errotarrien inguruan ikerketa bat egiten egon da, Abadelaueta elkarteko Esteban Etxebarriaren laguntzarekin". Bi elkarteetako kideek errotarrien harrobiak aurkitu eta zenbatu dituzte. "Berrogeita hamar harrobi eta ehunetik gora errotarri zenbatu dituzte, txikiak, handiak, tamaina guztietakoak. Munduko rankingean errotarri gehien aurkitu dituen Europako herria izango gara, ziurrenik; ez dut esan nahi beste toki batzuetan ez dagoenik errotarri gehiago, baina agian ez dituzte bilatu eta ez dute jakingo dituztenik ere".

"Sorpresa polita" izan da Abadelaueta elkarteko kideentzat errotarrien aurkikuntza, ez baitzuten espero hainbeste harrobi egotea Gorbeia ingurunean. 

Bestalde, sakon aztertzen ari dira Espainiako gerrak inguruan utzitako aztarnak, herrietako burdinolak, karobiak eta ermitak. Zigoitia goitik behera ibili dute elkarteko kideek: "Gutako batzuek bidean dagoen harri bakoitza ere ezagutzen dugu" dio Garcia de Kortazarrek, baina faltan botatzen du gazteek eta batik bat emakumeek parte hartzea. 

Erreferenteak

Egun dozena bat lagun dira soilik, baina erreferente bilakatu dira Zigoitiko kultura eta historia miatu nahi dituen edozein profesional edo erakunderentzat. Esparru anitzetako lagunak hurbildu dira laguntza eske azken urte hauetan: "Udalerria goitik behera ezagutzen dugu baina gu ez gara arkeologoak, ez gara botanikoak, denetarik pixka bat dakigu baina ez gara profesionalak. Gugana jotzen dute, eta guk erakusten diegu balizko interes guneak non dauden. Zigoitia aldean edozein ikerkuntza egin nahi baldin badute gugana jotzen dute". Garcia de Kortazarrek azaldu duenez, gerturatu den azken ikerlaria emakume bat izan da, Euskal Herriko zuhaitz berezien inguruko azterketa egiten ari dena, ingurukoen laguntzarekin.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide