N-240 errepidean beste istripu larri bat izan da; 2000. urtetik 200 istripu baino gehiago izan dira honetan. Bart gertatu da ezbeharra, 21:00ak aldera, Legutioko Ollerieta auzoaren inguruan. Bilborako noranzkoan zihoan auto bat errepidetik atera, eta, ondorioz, hildako bat eta hiru zauritu izan dira.
30 urteko gazte bilbotarra bertan hil da, eta beste hiru zaurituak Gasteizko ospitaletara eraman dituzte.
Ekainean, berritze lanak
Araban arrisku gehien duen errepidetako bat da, eta, hori saihesteko, zenbait lan egitea aurreikusi du Arabako Diputazioak. Hain zuzen, ekainean dira hastekoak bertako lanak, joan den astean iragarri moduan. 3,2 kilometrotan zehar dauden maldak eta bidegurutze arriskutsuak kenduko dituzte, eta Elosu herrirako sarbidea hobetuko dute.
Berritze horien harira, bestalde, protesta iragarri du gaur arratsalderako Legutio Bizirik taldeak. "Berandu" heldu da egitasmo hau euren ustez, "garestia" da, eta proiektu zabalago baten zati bat "ezkutatu" egiten dutela azaldu dute ohar batean. "Legutio Bizirik-ek lau urte daramatza benetako irtenbideak eskatzen, ekonomikoagoak, kalte gutxiago eragingo dutenak eta arinago bete daitezkeenak".