Euskal Buztingintza Museoak 24 orduz jarraian ehunka katilu egiteko erronka du

Mirian Biteri 2018ko mai. 15a, 11:19

25. urteurrena ospatuko du modu horretan.

Elosuko Ollerieta auzoan dagoen Euskal Buztingintza Museoak ezohiko maratoia antolatu du larunbaterako, hilaren 19an, zilarrezko ezteiak ospatzeko. Zehazki, 24 ordutan, gelditu barik, zenbat katilu egiteko erronka bota dute bertako arduradunek.

Ikuskizuna 10:00etan hasiko da, eta igandean amaitu, ordu berean. Museoko arduradun Blanka Gomez de Segurarekin batera, honako lagunek hartuko dute parte: museoko gainerako kideek, Gasteizko Arteen Eskolako boluntarioek eta EHUko Arte Ederretako fakultateko hainbat ikaslek. Horiek guztiek txandaka ekingo diote tornuari, esan bezala, 24 orduz jarraian, ahalik eta katilu gehien egiteko.  

Lehiaketa, sare sozialetan

Denbora tarte horretan zabalik egongo da museoa, nahi duenak bisita dezan. Baina, Ollerietara joan barik zuzenean ere ikusi ahalko da erronka; izan ere, streaming bidez zabalduko da ikuskizuna, #Ollerias25 etiketa jarraituta. Modu horretan, bat egingo dute maiatzaren 18ean ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren aurtengo leloarekin: Hiperkonektatutako museoak: ikuspegi berriak, publiko berriak. Aldi berean, traola berdina erabiliz lehiaketa bat jarriko dute martxan, museoaren Facebook eta Twitter bidez. Hain zuzen ere, "Zenbat katilu egin ahalko ditugu 24 orduz" galdera zabalduko dute eta kopurua asmatzen duenak edo gehien hurbiltzen denak bertan egindako kafe-ontzi jokoa irabaziko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide