Aramaioko Udalak goiko balkoian Kataluniari babesa adierazteko zuen bertako bandera, estelada deritzona, kentzeko agindua bidali du Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkaritzak, Espainiako Konstituzioaren arabera administrazio publikoek izan behar duten "objektibotasun eta neutraltasun printzipioa urratzen" omen duelako. Aginduarekin ados ez badago ere, Udalak ikurra kendu du balkoitik.
Horren aurrean, honako gogoeta egin nahi izan du bertako udal gobernuak: "Estelada kendu da ikusita beste udaletan agindu honek izan duen ibilbidea. Isunak egon dira gai honekin erlazionatuta, eta erreklamazioek ez dute ezertarako balio izan. Guk ere sinisten dugu administrazioetan neutraltasuna eta objektibotasuna egon behar dela, baina legeak aplikatzerako orduan, hau da, legearen aplikazioa berdina izan behar da guztiontzat, eta ideologia ezberdinetako jende anitza neutraltasunez atenditu behar du administrazioak. Baina, hauteskundeak irabazitako partidu, talde edo koalizio batek duen jarduteko modutan ez luke eragin beharko. Gobernu espainiarraren ildotik aldentzen den dena penalizatzea ez da objektiboa ez neutrala. Alperrikako borroketan ez gara sartuko, justiziak horrelako gauzetan Gobernu espainarraren irakurketa berdinak egiten dituelako, baina Aramaioko udal gobernuak, herritar gehienak bezala, Kataluniari elkartasuna eta babesa ematen jarraituko dio, nahiz eta estelada udaletxeko balkoitik kentzera behartu gaituzten".
Ez da Aramaiokoa estelada kentzera behartuta egon den lehenengo udalerria. Legutioko Udalak, esaterako, abenduan jaso zuen agindu bera.