Lehen sektorea ardatz izango dute egunotan Aramaion

Mirian Biteri 2018ko mai. 3a, 11:12

Gaurtik maiatzaren 12ra bitartean, Lorabarri Astearen barruan, askotariko ekintzak antolatu dituzte elkarlanean elkarteek, eskolak eta Udalak.

Gertu dute Aramaion Lorabarri Astearen seigarren edizioa. Ostegunean, maiatzaren 3an, eman diote hasiera Euskal Herrian martxan diren Izarkom, Coop57 eta Goiener proiektuen gaineko mahai-inguruarekin.   

Larunbatean, besteak beste, inguruko txori arruntenak gertutik ezagutu eta beraien kantuak entzun ahal izango dira goiz partean. Iganderako, berriz, haritz, gaztainondo edo pagoak bezalako zuhaitzak ikusteko ibilaldia antolatu dute.

Astelehen arratsaldean, hilaren 7an, ingurumen eta ekonomia gaietan aditu Unai Pascualen bisita izango dute aramaioarrek; eta asteartean, Kerixara gaztandegiko Felix Ajuriak bere etxaldeko elikagai eta energia autonomiaren berri emango du. Ostegunean, ostera, elikadura kontzienteari buruz jardungo du Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarrak; zehazki, jatea ekintza fisiologiko bat baino gehiago dela azalduko du, "ekintza soziala eta emozionala ere badelako".  

Lorabarri azokan, denetarik

Maiatzaren 12an, urteroko azoka  egingo dute: besteak beste, bertako barazki zein ogi ekologikoa, artzain gazta, Nafarroako olioa zein ardo eta pasta ekologikoa egongo dira Bixente Goikoetxea plazara hurbiltzen direnen esku.  Udalatx mintegi ekologikokoak ere izango dira bertan.

Ekintzak, egunez egun:

3, osteguna:
• 18:30 Izarkom, Coop 57 eta Goiener proiektuen gaineko mahai-ingurua, Sastiñan.

5, larunbata:
• 09:30 Inguruko txoriak ezagutzeko ibilaldia parketik, Mikel Olano basozainarekin.
• 21:00 A plastic ocean official dokumentala, kultura etxean (gazteleraz).

6, igandea
• 09:00 Aramaioko zuhaitz eta basotxoak ezagutzeko irteera, parketik.

7, astelehena
• 18:00 Unai Pascualen hitzaldia Sastiñan, klima aldaketa eta ekonomiaren gainekoa.

8, asteartea
• 18:00 Kerixara gaztandegiko Felix Ajuriaren proiektuaren aurkezpena, Sastiñan.

10, osteguna
• 17:00 Amaia Diaz de Monasteriogurenekin elikadura kontzienteari buruzko saioa, erretiratuen elkartean.

12, larunbata
• 11:00 Lorabarri azoka, Bixente Goikoetxea plazan.
• 21:00 Captain fantastic filma, kultura etxean (gazteleraz).

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide