"Antzerkia kultura da eta, hortaz, mimatu beharreko zerbait da"

Mirian Biteri 2018ko api. 15a, 08:39

Zineman, telebistan eta irratian aritu bada ere, antzerkia egiten sentitzen da erosoen Teresa Ibañez aktorea.

Zuiarrek Murgiako udaletxeko areto nagusia bete zuten martxoaren 15ean Teresa Ibañez (Murgia, 1944) herrikidea omentzeko. Urte luzez, antzokietako agertoki gainean emakume eta gizonen arteko berdintasun eskubidearen alde egindako lana eta udalerriko izena doan toki guztietara eramateagatik txalotu nahi izan zuen topaketa horrekin Gorbeialdeko kuadrillako Berdintasun zerbitzuak, Zuiako Udalarekin elkarlanean. Bere ibilbide oparoa gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan zuten bertaratu zirenek.
Orain dela gutxi omenaldia jaso zenuen Murgian. Zure herrian. Hunkigarria, ezta?
Erabat. Ekitaldia oso xumea izan zen, nik nahi nuen moduan. Gertuko asko izan zen bertan, aspalditik ikusten ez nituen inguruko herrietako ezagunak zein Gasteiztik edo Aretxabaletatik iritsitakoak. Oso gustura egon nintzen, bai.

Espero al zenuen horrelako zerbait jaso al izatea zure udalerrian?

Ez. Baina, egia esanda, behin baino gehiagotan pentsatu dut ea noizbaiten nitaz oroituko ote ziren. Kontuan hartu behar da urte asko pasa direla Murgiatik alde egin nuela eta herrian nahiz tokiko erakundeetan dauden askok ez nautela ezagutzen. Oraindik ere gogoan dut Ortzaira deitu zuten momentua omenduko nindutela jakinarazteko; izugarrizko ilusioarekin hartu nuen berria.

Ibilbide luzeko eta oparoko emakume aktorea zaitugu. Noiztik sen hori?   

Txikitatik. Ikastetxean hasi nuen antzezten. Baina, garai hartako Murgia txikia zen, eta hor geratu zen zaletasuna. Ezkondu nintzenean Gasteizera etorri nintzen bizitzen, eta seme-alabak handitzen hasi zirenean, ikasteari ekin nion berriro. Gehiago hezteko beharra nuen eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra egiten hasi nintzen; hamaika urte eman nituen ikasten. Behin literaturako eskolan nengoela, irakasleak antzezlan bat prestatzeko proposatu zigun; ni izan nintzen hasiera batean eskua altxatu zuen bakarra. La señorita de Trevelez antzeztu genuen; hori izan zen abiapuntua. Gehiago etorri ziren gero, Sustraiak konpainiarekin.

Eta hortik aurrera?

Jarraian, Iker wsemea hasi zen gu zuzentzen. Gero, Madrilera arte dramatikoa ikastera joan bazen ere, laguntzen jarraitu zuen. Gasteizko gizarte etxeetan eta horrelakoetan antzezteari ekin genion. Bertan antzeztu genuen lehen lana semeak idatzitako Matrona Uni Viro izan zen.

Noiz heldu zen Ortzai konpainia zure bizitzara?

2005ean. Gure konpainia da Ortzai; egunero esperimentatzen dugun laborategia da. Standar artistikorik altuena gida bezala hartuta, agertokietara egungo gaiak eramaten ditugu, hala nola, bakea, sexu berdintasuna, inguru eta giza kontzientzia, kultura eta hizkuntza anitzen arteko harremanak... Ortzai gai horiek guztiekin konprometituta dago eta hala azaltzen da ekoiztutako lan guztietan, testu klasikoetan hala nola gure garaikoetan oinarrituta.

Izugarrizko esfortzua egongo da atzetik...

Izugarria. Nik ez dakit adina aurrera doala edo baina lan asko dago. Orain dela gutxi, goizaldeko 02:00ak arte egon ginen hainbat partaide josten;  zortzi ordu jarraian. Antzezterakoan hori guztia ez da ikusten, baina guk egiten dugu dena: irudimena landu, jantziak egin, agertokia prestatu... Dena dela, emaitza ikusita egindako esfortzuak merezi du.

Lehen aipatu duzu Ortzairen helburuen artean, sexuen arteko berdintasuna sustatzea dagoela. Eta, hain justu ere, arlo horretan egindako lanagatik izan zinen, besteak beste, omendua Murgian...

Bai, hala da. Dena dela, guk bazterturiko gizataldeen eta kritika soziala egiten duten obrekin egiten dugu lan, eta emakumeak daude hor barruan; ez dugu bakarrik sexuen arteko berdintasunaren gaia jorratzen. Orain dela bi urte antzeztutako Chailloteko Andere Eroan, esaterako, askotariko gaiak lantzen ziren; tartean, animaliek, ama-lurrak edo emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak. 1943. urtekoa bada ere, atzo idatzia izan zela ematen du, gaurkotasuna mantentzen du.

Urte asko daramatzazu antzerkigintzan. Bilakaerarik igarri al duzu?

Bai. Lehen, antzerkia egiten zutenak ez zituzten aintzat hartzen; baina antzerkia kultura da eta, hortaz, mimatu beharreko zerbait da. Oso aberasgarria da, eta formazioaren bidez askotariko ezagutzak lortzen dituzu: publiko aurrean egoten eta hitz egiten ikastearekin batera, historia, lengoaia eta bokalizazioa jorratzen dituzu eta kontzientzia ere bereganatzen duzu. Zorionez, gaur egun, gehiago baloratzen da.

Dena dela, oraindik ere lana dago aurretik, edo?

Noski. Eskolak badaude ere, ez dago nahikoa garatuta. Esaterako, Iker semea Kenteko unibertsitateagatik arte dramatikoan lizentziatuta badago ere, hemen ez zaio titulazioa onartzen; ez dago homologatuta.

Antzerkian ez ezik, zineman ere aritu zara. Pedro Almodovar eta Iciar Bollain bezalako zuzendariekin egin duzu lan, besteak beste... Nola gogoratzen dituzu une horiek?

Egia zen, zinema gutxi egin dut. Almodovarrekin La Flor de mi piel filmean egin nuen lan; zerbait txikia izan zen. Bollainekin Amores que matan izenekoan parte hartu nuen. Emilio Martinez-Lazarorekin eta beste hainbat zuzendariekin ere egin dut lan; baina oso paper txikiak izan dira guztiak. Zinema oso mekanikoa iruditzen zait; protagonistak eta agian gehiago zainduko dituzte, baina bestelakoekin oso mekanikoa da guztia.

Parte-hartze handiagoa izan duzu telebistan...

Bai, serie askotan izan naiz; gehienetan, zerbait puntuala izan da, kapitulu bakar batean irteten den pertsonaia horietako bat egin dut gehienetan. Fernando Colomoren Famosos y Familian izan ezik; bertan pertsonaia finkoa eduki nuen, nerabe baten ama nintzen. Cuentamen eta Hospital Centralen, berriz, hainbat kapitulutan parte hartu dut. Amar en tiempo revueltos, Señorio de Larrea edo La que se avecinan ere parte hartu dut, beste askoren artean.

Irratian ere ibilitakoa zara...

Hala da. Radio Vitorian egonda nago, pertsonaien dramatizazioak egiten. Oso gustuko izan dut irratia; besteak beste, ezerk ez zaituelako baldintzatzen.  

Antzerkia bezala?

Ez. Irratian ez duzu publikoa aurrean.

Antzerkira bueltatuta. Zer proiekturekin zabiltza orain?

Louisa May Alcottek sortutako eta Iker semeak egokitutako Mujercitas antzezlanarekin; orain dela hilabete pasatxo estreinatu genuen. Guztira, hamalau lagunek parte hartzen dugu obra horretan.

Nolakoa da Iker Ortiz de Zarate semearekin lan egitea?

Nire kasuan, ahal duen zuku guztia ateratzen saiatzen da; batzuetan, gehiegi. Baina, onartu behar dut zuzendari bezala oso ona dela. Erreza da berarekin lan egitea gogo handiarekin egiten duelako lan, eta hori transmititzen dizulako.

Izandako ibilbideagatik, hainbat omenaldi izan dituzu. Murgiakoaz gain, alzheimer gaixotasuna duten senideek eta Gasteizko Udal Antzoki sareak zure ibilaldia txalotu dute eta 2015ean, Ibilaldia saria eman zizun Arabako hiriburuko Udalak. Azken errekonozimendu horrek ilusio berezia egin zizun, ezta?

Bai. Gogoan dut Candido antzezlanarekin genbiltzala momentu horretan; oso bakarrizketa polita, ironiaz betetakoa. Amaitzerakoan, saria eman zidaten; oso hunkigarria izan zen publikoa zutituta ikustea.

Agertoki gainean zaudenean, zer da atseginena?  

Antzezlana irauten duen bitartean publikoaren sentsazioak ikustea. Hain justu ere, irribarre egin behar dutenean zelan egiten duten ikustea edo momentu hunkigarriak eta zorrotzak direnean aretoan dagoen isiltasunaz barneratzea. Txaloak ere asko eskertzen dira, baina, niretzako, publikoaren isiltasun horrek hunkitzen nau gehien. Antzezten zaudenean egokitu zaizun pertsonaia bizitzen ari zara eta publikoak zelan jasotzen duen ikustea oso hunkigarria da.   

Amaitu aurretik, aktore lanaz gain, bestelako zaletasunetarako astirik al duzu?  

Bai. Musika dut oso gustuko. Orain dela hamahiru urte edo pianoa ikasi behar nuela erabaki nuen eta Luis Aranburu musika eskolan eman nuen izena. Solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzen, baina, handik gutxira konturatu nintzen pianoa jotzen ikasi ahal izateko denbora asko behar nuela, eta azkenean, utzi egin nuen. Baina, izugarri gozatzen dut musikarekin; bereziki, obra klasikoekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide