Gure bazterrak

Urrunaga, urtegitik harago

Mirian Biteri 2018ko mar. 24a, 16:32

Urrunaga ezaguna da bereziki 1957. urtetik Undebe eta Urkiola erreken urak jasotzen dituen urtegiari izena ematen diolako. Baina urtegia bera eta haren presagaina baino askoz gehiago da Urrunaga.

Herrialdeko iparraldean dago, Legutio udalerrian; Gasteiztik 13 kilometro ingurura. 529 metroko altueran, Santa Engrazia ibaiaren ezkerraldean aurkituko du bisitariak Urrunaga herri-gunea.

Auzoa ere badu, aldapan gora bi kilometro eskas eginda; Nafarrete du izena horrek. Bertako eliza Espainiako gerra garaian suntsitu zuten, eta gaur egun biztanle bakar batzuk baino ez ditu Nafarretek; tartean, Idiazabal Jatorri Deiturako gazta egiten duten Jon Zuazo eta Begoña Fresneda.

Herriaren izenaren jatorriari dagokionez, Urna agertzen zen 952. urteko idazki batean; Hurnaga, 1025eko beste batean; Gurrunaga, 1257. urtean; eta Hurnaga berriz ere, 1294. urteko beste batean.

Urrunagako hirigunean urtegiaren presagaina ondoan dago. Baserri eta familia bakarreko etxebizitzen artean, San Joan Bataiatzailearen parrokia dago; erretaula nagusi rokokoa eta ate erromanikoa ditu eta Arrosarioko eta Doloretako Ama Birjinen irudi barrokoak ikus daitezke bertan. Hilerri ondoan, bestalde, San Bartolomeren baseliza dago. Santu horren omenez ospatzen dituzte Urrunagan jaiak, abuztuaren 24an.

Bolatoki elkartea

Jaietan ez ezik, askotariko ekintzak antolatzen dituzte urte osoan. Besteak beste, Bolatoki elkarteak prestatzen ditu horiek; 1981ean sortua, herriko elkarte gastronomikoa eta gizarte-zentroa da egun; 100 bazkidetik gorako bilgunea.

Hirigunetik gertu Sorgimendi izeneko aisirako gunea dago; mahaiak, barbakoa, iturria eta zuhaiztia ditu. Natura gustuko dutenek, gainera, urtegiaren inguruan ibilaldiak egin ditzakete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago