Pasa den urtean egin zuten lehen aldiz Arabako gazte feministen topaketa; eta harrera ona izan zuela ikusita, bigarrenez antolatzea erabaki dute. Otsailaren 17an, larunbata, egin dute hitzordua, Zuiako gaztetxean.
Ekimen horretako antolatzaile Maddi Isasik azaldu du antzekoa izango dela aurtengo formatua: egun osoko egitaraua prestatu dute eta metodologia ezberdinak erabiliz zenbait gai jorratuko dituzte. Horrekin lotuta, baina, honakoa esan du: "Helburua berdina da: egunerokotasunean ditugun tresnak aztertzea. Diferentzia da iaz gai asko izan genituela mahai gainean, baina oso modu orokorrean; tartean, erantzun moldeen inguruko eztabaida, espazio feministen eztabaida eta jai ereduei buruzko hausnarketa. Aurten, tresna praktikoak eta kalerako bakoitzak sortutako ekimenak elkarbanatuko ditugu. Elkar ezagutzea, aliatuak bilatzea eta sarea osatzea da asmoa".
Hala, goizean, hiru gai nagusiren inguruan jardungo dute: batetik, erasotuak direnean dituzten sentsazioak elkarbanatuko dituzte, eta kolektiboki eman beharreko erantzunaz eztabaidatuko dute; bigarrenik, gazteak eta feministak diren heinean, problematika propioak identifikatzen eta zehazten saiatuko dira. Hirugarren ardatza modu praktikoan landuko dute: hain justu ere, erabiltzen dituzten mezuei erreparatu eta iruditegi feminista sortuko dute. Bazkaldu ostean, bestalde, talde osasun gida jorratuko dute.
Partaidetza, gora
Iaz, Gasteizko, Gorbeialdeko eta Aiaraldeko 20 bat neska elkartu ziren Amurrioko gaztetxean. Isasik iragarri du datorren larunbateko topaketan altuagoa izango dela partaidetza, besteak beste, eskualde gehiagoko gazteek parte hartuko dutelako; tartean, Lautadakoak.
Horren harira, gogorarazi du oraindik ere izena eman daitekeela arabagaztefem@gmail.com helbidean. Aipatu du lo egiteko lekua egongo dela Zuian; izan ere, feminismoaren inguruan hausnarketa sakona egin ostean, aisialdirako tartea helduko da eta