Familiaren laguna da Gorka Camara. Azaldu du gaur goizean, bi autobus abiatu direla gaztearen jaioterritik Legutiora, bilaketa sakona egiteko asmoz; 150 bat lagun inguruk parte hartu dute lan horietan. Eta horiek izan dira, hain justu ere, Jon Barcenaren hilotza topatu dutenak Tribitu bezala ezaguna den ingurunean, "nekez sartzeko eta sasiz betetako pinudi gazte batean". Gaztearen arropa agertu zen etxolatik 150 metro ingurura. "Gaur bilaketan egon garen asko gorpua zegoen tokitik hamar metrora ibili gara azken hilabetean egindako beste hainbat bilaketetan", azpimarratu du.
Horrekin batera, gaineratu du Barcenak haren arropa zuela jantzita, eta hasiera batean, ez zela "indarkeria zantzurik" atzematen gorpuan.
Autopsiaren emaitzak iristen diren bitartean, "Jonek merezi zuen agurra" prestatzen hasiko direla ere jakinarazi du Camarak.
Hilabete desagertuta
Abenduaren 30ean desagertu zen gazte bizkaitarra, Gorbeian lagunekin zegoela. Lehen hiru egunetan, mendira mugatu ziren bilaketa lanak; ehunka boluntariok hartu zuten parte horietan. Urtarrilaren 2an, baina, haren zenbait jantzi eta objektu personal agertu ziren Legution, urtegi ondoan; besteak beste, giltzak, diru zorroa, oinetakoak eta arropa topatu zituzten.
Ordutik ingurune horretan bilatu dute. Eta, esan bezala, boluntarioek aurkitu dute gaur goizean.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!