Martxan da Zigoitiko Bengolarra berritzeko prozesu parte-hartzailea

Mirian Biteri 2017ko abe. 12a, 10:36

Urtarrilaren hasierarako bilera irekia deituko dute herritarren proposamenak jasotzeko.

Datozen urteei begirako proiektu garrantzitsua dute esku artean Zigoitia aldean; hain justu ere, Ondategiko Bengolarra inguruneko eraikina berritzeko asmoa du bertako Udalak, eta prozesu parte-hartzailea abian jarrita zehaztuko dituzte egitasmo horren nondik norakoak.

Dagoeneko lanean dabiltza. Lehenik eta behin, eraikineko kudeaketan inplikatutakoekin egin dute berba; tartean, eskumena duten udal teknikoen eta ordezkari politikoen zein kultura eta kirol ekintzak antolatzen dituztenen iritzia jakin nahi izan dute. Inkestatxo baten bidez jaso dituzte lantalde horretako proposamenak. Bigarrenik, udalerriko eragile eta elkarteetako eta kontzejuetako ordezkariekin batzarrak deitu zituzten urrian.

Azkenik, herritarrekin antolatuko den bilera irekia dago. Horrekin lotuta, honakoa azaldu du Zigoitiko alkate Mikel Lasherasek: "Abenduaren amaieran nahi genuen zigoitiarrekin batzea baina, hainbat arazo tarteko, urtarrilaren lehen hamabostaldirako atzeratu behar izan dugu".

Irisgarritasuna bermatu

Alkateak Bengolarra berritzearen beharraz hitz egin du: "Oso zahartuta egoteaz gain, irisgarritasunarekin lotutako araudiak ez ditu betetzen; hortaz, ezinbestekoa da lanak egitea".

1950. hamarkadan egindako eraikina da Bengolarrakoa; Escudero fundazioaren ikastetxeko jantokia izan zen hasieran. 1987an berritu zuten; lan horietan hainbat gune eraitsi zituzten eta berriak eraiki. Gaur egun, 700 metro koadro inguru ditu hiru solairutan banatuta: beheko solairuak, 318 metro koadro ditu; lehenengoak, 283 ditu; eta bigarrenak, 101.

Etorkizunean, eraikina zertara erabiliko duten ondo zehaztu beharreko kontua dela aipatu du Lasherasek: "Erraza izango ez bada ere, ondo pentsatu eta denon artean adostu beharko dugu zer sartu solairu bakoitzean. Igogailuarekin irisgarritasuna bermatuko den arren, beheko solairurako lehentasunak zehaztu beharko ditugu. Horrez gain, eranskinik behar ote den ere erabakiko da".

Proiektua idazteko partida

Finantzazioa ere tartean dago. Datorren urteko udal aurrekontuetan, proiektua idatzi ahal izateko partida aurreikusteko asmoa dutela esan du Lasherasek. "Gero, obrak egin ahal izateko, 2019-2020 urte bitarteko Foru Planerako diru laguntza eskatuko dugu. Dirutza beharko dugu horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago