Eredu energetiko berria ezartzeko esfortzu berezia ari dira egiten Zuian

Mirian Biteri 2017ko aza. 24a, 07:12

Udalerriko kaleko argiteria pixkanaka aldatzearekin batera, hainbat eraikinetan biomasa galdarak jarri dituzte, eta leihoak aldatu.

Azken urteotan energia gutxiago erabiltzeko ahaleginean ari dira Zuian. Jabe dira egungo eredu energetikoak, eskala globalean azterturik, gizartean, ekonomian nahiz ingurumenean eragin zuzenak sortzen dituztela, askotan, "oso kaltegarriak" izan daitezkeenak. Hori kontuan izanda, energiaren kudeaketa arduratsua egiteko erantzukizuna hartu du Udalak.

Neurriak hartzen hasi aurretik, udalerriaren diagnostiko bat eskatu zuten; udal eraikinen zein bestelako baliabide energetikoen azterketa sakona egin zuten, eta hobetzeko proposamenak ere jaso ziren horretan.  
Lehendabiziko neurria Udalaren merkaturatzaile elektrikoa aldatzea izan zen. Lehiaketa publiko baten bidez, Goienerrek hartu zituen ordura arte Iberdrolak zituen kontratu elektrikoak. Gainera, diagnostikoari kasu eginez, kontratu horien potentzien egokitzapena ere egin zen, aurrezpen ekonomiko nabarmena lortuz.

LED teknologia

Horrekin batera, energia kontsumoa murrizteko neurriak hartu zituzten. Horretarako, kaleko argiteria "sektoreka" berritzen dabiltza, LED teknologia erabiltzen duten potentzia baxuagoko argiak jarriz. Horrekin lotuta, Udalak partida ekonomikoa aurreikusten du udal aurrekontuetan energia eraginkortasuna hobetzeko, eta baliabide horiek urtero erabiltzen dira argiteria apurka berritzen joateko.

Azken hiru urteotan ordezkatutako argiteriari esker, energiaren %32 inguru aurreztea lortu dela azpimarratu du Ingurumen teknikari Jon Toñak. Denbora tarte horretan egindako inbertsioari dagokionez, 100.000 bat euro bideratu direla azaldu du.

Energia xahutzeak ekiditeko neurriak ere hartu dituzte, udal eraikinen inguratzaile termikoa hobetuz; hain justu, Bea Murgia eraikineko leihoak eta udaletxeko aroztegia zein leihoak aldatu dituzte; 120.000 bat euroko kostua izan dute lan horiek.

Horrez gain, energia berriztagarrien aldeko apustuarekin jarraituz, hainbat udal eraikinetako propano galdarak aldatu dituzte, biomasa galdarengatik ordezkatuz. Zehazki, udaletxekoa, Bea Murgiakoa eta Oregi etxekoak dira aldatu dituztenak. Biomasa-sistema horietan 188.000 euro pasatxo inbertitu ditu Zuiako Udalak.

Ingurumen teknikoak eskainitako datuen arabera, neurri horrek guztiak fakturak %62,5 murriztea ekarri du. Propano gasa eta biomasa galderen kontsumoa alderatuz gero, 2014ko martxotik 2015eko martxora bitartean, udaletxeko propanoaren galdararen gastua 9.521,49 eurokoa izan zela, eta, 2015eko abendutik 2016ko hil berera, biomasarekin gastatutakoa 3.570,07 euro izan zirela jakinarazi du.

Guzti horrekin lotuta, Toñak gogorarazi nahi izan du energia kontsumoa murriztuta aurrezte ekonomikoa bermatzen bada ere, kontuan hartu behar dela egitasmo horiek egin ahal izateko hasierako inbertsioa handia izan dela.

Baso baliabideak

Etorkizunera begira, Udalak duen erronka nagusietako bat instalatutako biomasa galdarak bertako baso baliabideekin hornitzea izango da. "Zuiak baso azalera handia du, eta mendiak eta basoak egoera onean mantentzeko egurra atera beharra dago. Ildo honetan, helburua litzateke, baso baliabide hauek ezpala bihurtzea erregai bezala erabiltzeko, beti ere baso azalaren kudeaketarako jasangarritasun irizpideak aplikatuz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide