Garraio zerbitzuari dagokionez, "baztertuta" daude Elosun. Hala jaso du bertako herri-batzarrak gutun batean, herritar ugariren kexak bilduta. Erakundeek "ahaztuta" dituztela salatu eta neurriak hartzeko eskatu dute.
Elosun gero eta edadetu gehiago dituztela azaldu dute, horrek garraio propioa izateko dituen zailtasunekin, zerbitzurik gabeko herri batean. Edozein jarduera egiteko udalerri burura –Legutiora– joan behar dute, baina horretarako ez dute garraio publiko zerbitzurik. Taxi zerbitzu bat baino ez da, 24 ordu aurretik eskatu behar dutena, soilik medikuarenera joan edo Legution beste autobus bat hartu behar dutenerako. "Hori teoria da, jasotako kexek erakusten dutelako zerbitzu horrek ez duela behar bezala erantzuten". Taxi horrek askotan herritarren telefono deiak erantzun ere ez dituela egiten aipatu dute, eta beste irtenbide batzuk bilatu behar izaten dituztela. "Esperientziak erakutsi digu ez duela funtzionatzen, eta herritarren elkartasunari esker konpondu behar izan ditugu joan-etorriak".
Taxi zerbitzuarekin, gainera, Legutioko Udalean gestio txikiak egin edota antolatzen diren kultur ekitaldietara gerturatzeko aukerarik ez dutela azaldu dute. "Paradoxikoa da alboko herrian antolatutako kultur ekitaldira joan ezin izatea, eta, aldiz, Gasteizera joateko aukera ematea, Legution autobusa hartuta".
Egoera horren aurrean, "neurriak" eskatu dituzte. "Etengabe ari gara entzuten hedabideetan Araban garraio publiko sarea bikaina dela, eta gu baztertuta sentitzen gara". Elosutik gertu dauden Zestafek edota Akostak, esaterako, autobus zerbitzua dutela gogoratu dute –egunean zazpi joan-etorri dituzte– eta Elosu ibilbide horretara batzea posible izan daitekeela uste dute. "Eta azalpenik eman gabe, gainera, medikuarenera doazen, erosketak egitera edota euskara eskoletara". Inguruko herrietara heltzen den autobusak ere Elosun geldialdia egitea proposatu dute herritarrek, eskolako autobusak egunero egiten duen bide beretik, Ollerietatik.