"Kontzejuetan oso baxua da emakumeen parte-hartzea"

Mirian Biteri 2017ko urr. 19a, 10:13

Emakumearen parte-hartze soziopolitikoari buruz, Zigoitian, larunbatean hasiko diren jardunaldien berri eman du Esther Aizpuru zinegotziak.

Oraindik ere asko dira arlo politiko eta sozialean emakumeek dituzten oztopo eta erronkak. Parte-hartze hori bultzatu nahian antolatu dituzte bigarrenez Zigoitiko jardunaldi feministak.

Pasa den urtean ekonomiaren ikuspuntua jorratu bazenuten, aurten emakumearen parte-hartze soziopolitikoaz jardungo duzue jardunaldietan. Zergatik gai hori?

Azaroaren 26an hauteskundeak izango dira kontzejuetan. Zigoitia 16 herriz dago osatuta, eta amaitzear dagoen agintaldian hirutan baino ez dira emakume bertako administrazio batzarreko presidente; hain zuzen, Apodakan, Mendarozketan eta Etxaguenen. Are gehiago, azken urteotako bilakaerari erreparatuta, nabarmentzekoa da Etxebarri Ibiñan, Letonan eta Ondategin ez dela emakumerik izan. Oso baxua da parte-hartzea.

Hortaz, parte-hartze falta horren zergatiak aztertuko dituzue aurten?

Hala da. Zergatik ez dugun emakumeek parte hartzen eta topatzen ditugun trabak zehazten saiatuko gara. Garai batean, gizona zen auzolanetan eta administrazio batzarretan parte hartzen zuena; azken horietan, baso, egurra eta belardiekin lotutako gaiak baino ez direla jorratzen uste da. Baina, herri batean, beste erabaki asko hartu behar dira; tartean, autobus geltoki edo jolastoki baten kokapena.

Oker ez banago, harago doa lana, udalerriko emakumeen egoera soziopolitikoari buruzko ikerketa egin duzuelako...

Bai, Murgibe aholkularitza enpresari azterketa egiteko eskatu diogu, eta horren emaitzak aurkeztuko ditugu jardunaldietan. Gaur egungo egoera eta hori bideratzeko hainbat proposamen jasotzen dira lan horretan.

Bestalde, udalerriko gazteek parte hartu dute aurtengo jardunaldietan ere. Nola?

Emakumearen parte-hartze soziopolitikoaren gaineko ikus-entzunezkoa prestatzen dabiltza. Kalera irten eta herritarrekin elkarrizketatxoak egiten ari dira.

Omenaldia ere prestatu duzue.

Bai. Urriaren 26an Zubialde emakume elkartea omenduko dugu. Gaur egun, gainbehera dago taldea, eta hori suspertzeko asmoz antolatu dugu omenaldia. Gazteek horretan parte hartzea da asmoa.

Urriaren 27an Laia eskola aurkeztuko da Zigoitian.

Kasu honetan, kontzejuak zer diren eta zertarako balio duten azalduko dute Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordeak eta Arabako Kontzeju Elkarteko Sofia Lopez de Aguiletak. Pilar Ruiz de Larrea kazetariak gidatuko du esandako mahai-ingurua. Zortea dugu, Laia eskolan lanean ari den Christina Werckmeister Zigoitian bizi delako; udalerriko berdintasunaren aldeko lantaldean parte hartzen du.

Noiztik dago taldea lanean?

Agintaldia hasi zenean, horren gaineko plana zegoen udaletxean. Horren aurkezpena aprobetxatuz sortu zen lantaldea; urtean, hiruzpalau bider elkartzen da ekintzak antolatzeko.

 

Egitaraua, egunez egun:

  • Urriaren 20an: 19:00etan, Hasierako suziria eta gaztelekuko gazteek egindako lanaren emanaldia. Jarraian, 20:00etan, trikipoteoa udaletxetik.
  • Urriaren 26an: 19:00etan, Zigoitiko emakumearen parte-hartzeari buruz egindako ikerketaren aurkezpena. Horren ostean, 19:45ean, Zubialde elkartea omenduko dute.
  • Urriaren 27an: 18:00etan, Laiaeskola Arabako emakumeon jabekuntzarako eta berdintasunerako eskolaren aurkezpena eta emakume politikarien mahai-ingurua. Kontzejuen inguruan egingo dute berba eztabaida horretan.
  • Azaroaren 16an: 19:00etan, zine-foruma, Hotel Cambridge.

Antolatzaileek gogorarazi dute dohainiko garraio eta haurtzainde zerbitzua, gutxienez, hiru egun lehenago eskatu behar dela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide