Bizikleta martxarekin hasiko da larunbatean Legutioko urria kulturala

Mirian Biteri 2017ko urr. 6a, 07:23

Lau asteburuz luzatuko dira herriko Laguntza txistulari taldeak antolatutako ekintzak; igandean, perretxikoek hartuko dute txirringen lekukoa.

Hastear da Legution urteroko hitzordua: urria kulturala. Larunbatean, hilaren 7an, emango diote hasiera hilabete osoan luzatuko den egitarauari, haur, gazte eta helduentzako mendi bizikleta martxekin. Internetez bakarrik eman ahal da izena, Kirol probak atarian; 250 lagunentzako tokia dago.

Igandean, onddoak izango dira protagonistak. Lehenengo, perretxiko eta sare sozialen arteko loturaz jardungo dute, eta jarraian, herritarrek ingurunean hartutako perretxikoen erakusketa eta dastatzea egingo dituzte.

Berrikuntza nabarmenik ez dago aurtengo edizioan; urteroko ekintzak dira gehienak. Urriaren 15ean, esaterako, Albertiara igoko dira; eta hilaren 21ean ardo dastatze arrakastatsua  egingo dute kultura etxean. Astearte musika taldeak girotuko du ekimena.      

Bostibaietaren mendi lasterketa

Hurrengo egunerako, urriaren 22rako, Jarindo-Albertia mendi lasterketa antolatu du Bostibaieta taldeak; atari berean eman daiteke oraindik proba horretarako izena. Bestalde, urriaren 27tik 29ra, Haloween egunaren bueltan, kalabaza lehor batek duen erabilerari buruzko erakusketa egongo da ikusgai; Adolfo Perez legutioarraren proposamenak jasoko dituzte horretan. Urriaren 28an, gainera, magiarekin lotutako hainbat ekintza izango dira arratsaldean.

Egitaraua, egunez egun:

  • Urriak 7: 09:30ean, mendi bizikleta martxa.
  • Urriak 8: 11:30ean, onddo jardunaldia.
  • Urriak 14: 20:00etan, 'Elvi Ventrilocuo' ikuskizuna.
  • Urriak 15: 09:30ean, Albertiara irteera.
  • Urriak 20: 18:00etan, ipuin kontalaria.
  • Urriak 21: 19:30ean, ardo dastatzea.
  • Urriak 22: 11:00etan, Jarindo-Albertia mendi lasterketa.
  • Urriak 24 eta 26: 11:30ean, sukaldaritza tailerra.
  • Urriaren 27tik 29ra, kalabaza lehor baten erabilerari buruzko erakusketa.
  • Urriak 28: 17:30ean, magia jaialdia.
  • Urriak 29: 12:30ean, umeen tailerrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide