Martxan da Gorbeia ardatz duen egitaraua, Zigoitian

Mirian Biteri 2017ko ira. 21a, 09:17

Erakusketa, hitzaldiak, bisitak eta bertako produktuen azoka antolatu dituzte urriaren 8ra arte.

Gorbeia mendiarekin lotutako askotariko ekintzak dabiltza egiten asteotan Zigoitia aldean. Pasa den ostiralean eman zioten hasiera egitarauari, Gorbeia Araban izeneko erakusketarekin. Inaugurazioan, Gorbeiari buruzko ipuin herrikoiak eta kondairak musikarekin nahasten zituen ikuskizuna eskaini zuten Zeanuriko abeslari Gontzal Mendibilek eta Arantzadiko etnografia saileko kide eta erakusketako komisario Iñaki Garcia Uribek.

Ondategiko ekitaldi aretoan egongo da ikusgai urriaren 8ra arte aipatutako erakusketa, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean; eta aste bukaeratan, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 22:00etara. Inguruneko irudi ederrez gain, elementu bitxiak ere topatuko ditu bisitariak; tartean, tontorrean egondako gurutzeen maketak.

Mitoak eta euskara

Baina, erakusketarekin batera, bestelako ekintzak egitea ere aurreikusi dute Gorbeialdeko Kuadrillak, Zigoitiko Udalak, Gorbeia Euskadik eta Arabako Diputazioak elkarlanean antolatutako programan. Ostegunean, hilak 21, Gorbeia inguruko mitoen eta euskararen gainean jardungo du Manu Etxabarria etnolinguistak, 19:00etan. Irailaren 28an, berriz, Iñaki Garbia Uribek Mairuelegorretako erraietan murgilduko ditu entzuleak, 18:30ean. Ekitaldi aretoan izango dira hitzaldiak.

Irailaren 30erako, erakusketa ikusteko bisita gidatua antolatu dute, 12:00etan. Eta urriaren 8rako, azkenik, Gorbeiako produktuen azoka antolatu dute; bigarren bisita gidatu bat ere izango da egun horretan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago