Jai giroan murgildu dira ostera ere zigoitiarrak; uztaileko azken asteburuan Ondategin Eguzkia jaia ospatu bazuten, pasa den aste bukaeran Zigoitia Euskarazen edizio berria rie ekin zioten. Lehen txanpan egiten diren ekintzak ibiltariak dira, eta aurten, Berrikanok eta Zestafek hartu dituzte bizikleta martxa, Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizuna, Mairu abesbatzaren emanaldia edota Oketa Alai taldearen dantzaldia. Onena, bada, iristear da.
Ohikoa den moduan, Ondategin egingo dira hemendik aurrerakoak. Ostiralean, hilaren 8an, Festikaleren barruan, Organik antzezlana eskainiko du Ameztu taldeak Bengolarra parkean; eguraldi txarra eginez gero, ondoko pilotalekuan izango da antzerkia. Larunbatean, 18:00etan, zesta-punta erakustaldia egongo da Landa eta Zarandonaren eskutik; eta jarraian, trikipotea.
Igandean ez da geldiunerik izango Zigoitia aldean. Mairuelegorretak Euskal Jaia hartuko du, 11:00etan. Txalaparta, Oihane Perea eta Onintza Enbeita bertsolariak, Oketa Alai taldea, Viñaspre & Pastorren saioa, Giberdinek eta Ezpatadantza izango dira, besteak beste, kobazuloan; sorpresaren bat edo beste ere iragarri dute antolatzaileek. Jaia amaitutakoan, Bengolarrara abiatuko dira guztiak; bazkaria eta bazkaloste ederrak izango dituzte eta zain.