Herriko anbulantzia zerbitzuak berez dagokion eremuan aritzea eskatu du Nekane Garaigordobil Legutioko alkateak. Egun, Legution kokatutako Oinarrizko Bizi Euskarriak Aramaiori, Arratzua-Ubarrundiari eta Barrutiari ere zerbitzu ematen diola azaldu du alkateak, Udalak helarazitako ohar batean. Horrez gain, zerbitzuak Otxandio eta lau mendi errepide ere hartzen ditu bere gain; tartean, Urkiola eta Barazar.
Halere, anbulantzia horrek Gasteizen egiten ditu zerbitzuen erdia baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Iazko datuei erreparatuta, 1.143 zerbitzutatik, 775 Gasteizen burutu zituen. 2015eko datuak ere bide beretik joan ziren.
Anbulantziaren lana berezko eremura buelta dadin, EH Bildu taldeak Udalbatzan proposamena aurkeztuko duela iragarri du alkateak, Osasun Sailari eskaera formala helarazteko.
Datorren asteburuan herriko jaiak izango direla eta kezka agertu du alkateak, "arriskutsua da, larrialdia gertatuz gero, arreta egokia ez izatea". Anbulantziaren lan esparruan 25 herri baino gehiago daudela gogoratu du, eta, horrez gain, Parke Teknologikoa, errepideak eta poligono industrialak ere. "Nahikoa pertsona dira 24 ordutako zerbitzu propioa izateko", aldarrikatu du.