Debekua datorren astelehenetik aurrera martxan izango da, eta urriaren 8ra arte luzatuko da. Neurria Gorbeiako parkeko marrualdi eremuko bide eta pistetan egongo da indarrean, Zuiako eta Zigoitiko udalerrietan. Diputazioko teknikariek bide horiek zeintzuk diren zehaztuko dituzte, seinaleen bitartez.
Neurria "hautespen naturalaren lagungarri" izango dela azpimarratu du Ingurumen foru zuzendari Amaia Barredok, Diputazioak zabaldutako ohar batean. Barredoren esanetan, aurreko urteetan ibilgailuen zirkulazioa murriztu izanak kalteak "gutxitu" ditu, eta, ondorioz, espeziea "hobetu" egin da. Neurria oreinaren kudeaketa planaren baitan kokatzen da.
Soroen zein mendien kudeaketari lotutako jarduerek eta zientziari lotutako lanek baino ezin izango dituzte erabili motordun ibilgailuak, eta, horretarako, baimen berezia izan beharko dute. Zaldiz eta mendi bizikletaz ibilbideak egiteko, berriz, parkeko arduradunen baimena izatea beharrezkoa izango da ere. Halere, marrualdiaren ikuskizuna ikusi nahi dutenek, hori egiteko aukera izango dute, Diputazioak bisita gidatu bereziak martxan jarriko dituela iragarri baitu.