Legutioko urtegian sartuko dira aurten ere igerilariak

Mirian Biteri 2017ko uzt. 28a, 11:16

Gurutze Gorria zegoen ingurunetik igerialdia antolatu du iganderako Urgain talde gasteiztarrak.

Aire libreko ekintzak ugaritzen dira uda partean, hamaika aukera daude hilabeteotan egiteko; tartean, Legutioko Santa Engrazia urtegiko igerialdia. Iganderako, uztailak 30, egin dute aurten hitzordua, Gurutze Gorriaren laguntza postua zegoen ingurunean.   

1956. urtean egin zen lehen aldiz igerialdia, Gasteizko Judizmendi igeri taldeak antolatuta. Bi urtez antolatu zuen proba. Hainbat saiakeren ondoren, 90. hamarkadan berreskuratu zuen Menditxo taldeak; hain justu, 1992ko uztailaren 25ean egin zuten ostera ere igerialdia, eta 2000 urtera arte, urteroko hitzordu bilakatu zen.  Ur irekienganako afizioa handituz doanez, pasa den urtean, igerialdia antolatzeko ardura hartu zuen Urgain taldeak.

Leku aldaketa

Pozik geratu ziren parte-hartzaileak, eta hori dela eta, aurten ere egitea erabaki dute. Urgain taldeko kide Jon Gilek azaldu du leku aldaketarekin datorrela edizio berria; iaz, Otxandiorako bidean dagoen arraun eremuan egin zen, eta oraingoan Gurutzalde auzoko Gurutze Gorrian. Adinaren arabera egongo dira probak banatuta. Lehenengo 2003 eta 2006 urte artean jaiotakoen 600 metro luzeko igerialdia izango da; eguerdian hasiko da proba. Helduen atalean, bi proba egingo dituzte. Herrikoia edo federatu gabe dauden igerilariena; kilometro bat egin beharko dute. Bigarrena, 2.000 metrokoa, federatu zein federatu gabe dauden kirolariei dago zuzenduta.

Igerialdia egitean interesa dutenek www.travesiasantaengracia.com webgunean eman dezakete izena. Umeek 10 euro ordaindu beharko dituzte;  federatutako helduek, 12; eta federatu barik dauden lagunek, berriz, 15 euro. Denera, 300 igerilarientzako tokia dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago