Birrarte azoka egingo dute larunbatean Oron

Mirian Biteri 2017ko uztailaren 13a

Egilea: Saltus

Hainbat artisau garagardo dastatu ahal izango dira Zuiako santutegi ondoko zelaietan; autobus zerbitzua egongo da egun osoan.

Oron bertan dagoen Atakaba jatetxeak eta Otsoak banatzaile arabarrak antolatutako jaian, artisau garagardoa dastatzeko aukera izango da egun osoan; horrez gain, tokiko ekoizle eta artisauek ere beren tokia izango dute. Azokarekin batera, musika, dantza eta txalaparta emanaldiak izango dira, bai eta familia eta txikiei zuzendutako jarduerak.

Antolatzaileek jakinarazi dute Ororaino ibilgailuz joan nahi ez dutenek autobus zerbitzua izango dutela eskura egun osoan. Hain justu, honako ordutegia izango du garraio publikoak: joateko, 11:30ean eta 16:00etan; eta bueltatzeko, 16:30ean eta 23:00etan. Gasteiztik aterako da autobusa, Marianistas ikastetxe ondotik.

Bonoa aurretik

Egunean bertan erosi ahalko dute garagardozaleek edalontzi ofiziala. Dena dela, autobusa, edalontzia eta lehenengo garagardoa barne duen bonoa eskuratzeko aukera ere egongo da Atabaka jatetxean, Otsoaken, Naski tabernan, Guernica garagardotegian, The Book tabernan eta Zurrupa tabernan.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago