Zuiako anbulatorio berriak 600 metro koadro izango ditu

Erredakzioa 2017ko eka. 30a, 11:56

Gaur egun Murgian dagoen osasun zentroak espazio eta irisgarritasun arazoak ditu. Azpiegitura berriak muga horiek desagertaraziko ditu.  

Murgian eraikiko duten osasun zentro berria 600 metro koadroko eta planta bakarreko eraikina izango da, Osakidetzak argitaratu berri duen lizitazioaren arabera. Osasun zentroa eraikitzeko lanek 12 hilabete iraungo dute eta 826.000 euroko kostua izango dutela aurreikusten da.

Aiurdin kalean dagoen partzela batean eraikiko dute osasun zentroa. Azpiegitura berriak anbulantzietarako aparkalekua eta langileentzako 10 aparkaleku izango ditu.

Guztira, anbulatorio berriak sei kontsulta gela izango ditu: bi mediku kontsulta, erizaintzako kontsulta bat eta sendaketa gela bat. Horrez gain, pediatriako kontsulta bat eta pediatria erizaintza gela bat ere egongo dira.

Bestalde, arreta gela eta bi itxaron gela ezberdin egongo dira: bat nagusientzat eta, bestea, haurrentzat. Horietan, hurrenez hurren, 10 eta 6 lagunerako lekua egongo da. Haurren gurditxoak uzteko tarte egongo da, eta umeek jolas egiteko moduko lekua ere egongo da.

Gaur egun Murgian dagoen osasun zentroak itxaron gela bakarra du, bai lehen mailako arretarako zein pediatria alorretarako. Osakidetzako profesionalek lau gela partekatzen dituzte egun: bi mediku kontsulta, erizaintzarako bat eta sendaketa gela bat. Lehen arretako zerbitzuek eta pediatria zerbitzuek gune horiek erabiltzen dituzte: goizez, lehen arretako profesionalek, eta arratsaldez, pediatria arlokoek.

Zentroak Murgiako 2.322 biztanle artatzen ditu zuzenean, baina, horrez gain, Zuia iparraldeko Lehen Mailako Arreta Unitatea da ere, 5.095 biztanle hartuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago