Aramaioko seme kuttuna da Julian Unzueta alkate ohia

Mirian Biteri 2017ko eka. 24a, 07:45

Izendapen horrekin herriaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio aho batez Udalak.

Osoko bilkura berezia izan zen pasa den ekainaren 14an Aramaion egindakoa, Julian Unzueta herriko seme kuttun izendatu baitzuten aho batez. EAJko zinegotziek hala eskatuta, herriaren alde egindako lana aitortu nahi izan diote modu horretan Unzuetari.

1972. urtean halabeharrez hartu behar izan zituen Unzuetak alkatetza ardurak, 1979ko apirilean kargua utzi zuenera arte. Denbora tarte horretan egindako hainbat lan eskertu nahi izan dizkiote; besteak beste, ikastolak behar zuen aretoa sortzeko lanak, zaborrak eta hondakinak jaso eta tratatzea helburu zuen mankomunitatearen sorrerarenak, Ibarratik Gipuzkoako mugarainoko errepidea zabaltzeko lanak, auzoak elkarren artean lotzeko errepideen eraikitzearen alde egindakoak dota euskararen aldekoak eskertu dizkiote.

Baita "askatasunaren alde" egindakoa ere. Beste jarduera askoren artean, 1977an, Urteberri egunean, Tellamendiko gurutzean guardia zibilen eskutik gertatutakoa ekarri dute gogora egungo udal ordezkariek Unzueta herriko seme kuttuna izendatzeko adostutako proposamenean.

Baserria txikitu

Idatzi horretan nabarmendu dute aramaioarrak jasandako indarkeria: "Herritik herrirako bere langintza paregabea zigortu, ezkutatu edo ezabatu nahirik, lehergailu batek, ordura arteko telefono bidezko mehatxuei tokia hartuz, baserria txikitu zien Juliani eta bere emazteari 1979ko urtarrilaren 28an".

Azkenik, Arabako Abeltzaintza saileko diputatu izan zen lau urteetan Aramaio gogoan izatea ere eskertu zaio. "Bere kudeaketa-lanari esker berritu zen goitik behera haraneko sare elektrikoa, eraiki zen kiroldegia eta sortu zen Arbel baserritarren kooperatiba, besteak beste", aitortu dute.

Unzueta, pozik

Julian Unzuetak gustura jaso du seme kuttun izendapena. Gogoratu du orain dela zortzi urte ere proposamena jaso zuela, eta ezezkoa eman zuela orduan: "Orain ere, agian, ezetz esango nuke gusturago, baina askok ez lukete hori onartuko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago