Ohiturari jarraituz, Zigoitiko zein inguruko herrietako lagun asko bilduko dira igandean, hilaren 25ean, Ondategiko Sarragoako haritzaren bueltan. Gorbeia inguruko zaldien erakustaldia egingo dute beste behin. 10:00etan emango diote hasiera egunari, zaldi, behi, ardi eta ahuntzen erakusketarekin; ez dira faltako artisauen eta tokiko produktuen azoka.
Arabako Dantzari Eguna egingo dute egun berean Ondategin, eta horrekin lotuta, hainbat jarduera daude aurreikusita Sarragoan: 11:00etan, 300 dantzari ingururen kalejira abiatuko da herriko elizatik, eta hara heltzean, ikuskizuna eskainiko dute bertan.
Oztopo-jauzi txapelketa
Dantzaldiaren ostean, 12:30ean, oztopo-jauzi txapelketa eta horseball erakustaldia izango dira, eta baita herri kirolak ere, Zigoitiko Oketa taldearen eskutik. Etxeko txikienek, bitartean, puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute. Zaldien erakustaldiaren egitarauari amaiera emateko, moxal jana egongo da. Arratsaldean, 16:30ean, dantzaldia eskainiko dute Elizagoien ahizpak bikoteak, Gopegiko Gurutze plazan.