Aukezpen ekitaldia bukatu eta gutxira, izugarrizko ekaitza hasi zen. Duela hiru aste inguru izan zen hori. Halere, horrek ez zituen kikildu Murgiako plazan bildutakoak.
Baietz 42! herri erronka abiatzeko asmoak hitzordu zehatza du egutegian; ekainaren 21etik 23rako tartea gorriz markatu dute zuiarrek: 42 orduz euskaraz bizitzeko erronka. Asmoa, noski, data horiek baino harago joatea da. Are gehiago, eta hitzordua oraindik heldu ez bada ere, hein handi batean helburu batzuk bete direla diote ekimeneko sustatzaileek. "Askok ez genuen elkar ezagutzen; edo, ezagutu bai, baina elkarrekin euskaraz hitz egin genezakeenik ez genekien. Nik, esaterako, euskaldun asko ezagutu ditut ekimen honi esker", dio Izaskun Ruiz de Larrinaga zuiarrak.
Egun horietan, euskara ahalik eta gehien plazara jalgi dadila saiatuko dira herrikoak. Baina euskaldunak inplikatzeaz gain, euskalduntze bidean direnei zein oraindik erdaldun hutsak direnei ere ekimenean parte hartzeko gonbita helarazi diete. Ondorioz, hiru motako parte-hartzeak proposatu dituzte: AhoBizi, BelarriPrest eta BideLagun. Euskaldun osoak, euskara ulertzen dutenak eta erdaldunak, alegia. Hiru talde horietan izena ematen dutenek txapa baten bitartez erakutsiko dute euskararen alde egiteko prestutasuna, eta hurbiltzen den orok argi izango du lagun horrek euskarari ongi etorria egiten diola. Momentuz, 28, 79 eta 17 dira izena eman dutenak, hurrenez hurren.
Aniztasunari babesa
Data heldu bitartean, ekimen ugari martxan jarri dituzte. Horietako bat Murgiako liburutegian egin dute: aniztasunaren inguruko ekitaldia. "Betegarria eta polita" izan da, Natxo Ruiz zuiarraren hitzetan. "Gure herrian beste kulturak eta hizkuntzak badirela aitortu nahi izan dugu, eta haien mundura hurbildu nahi izan dugu. Bide batez, gure ekimena helarazi diegu".
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, kanpotik Zuiara joan direnek euskal kulturara ekarri dituzte seme-alabak, eta eskolan D ereduan matrikulatu dituzte. "Beraien hizkuntza baloratzeko ekitaldia izan da", azpimarratu du Ruizek.
Ekitaldian, munduko herri ezberdinetatik Zuiara etorritako lagunen kultura ezagutzeko parada izan zen. Aurkezpenak jatorrizko hizkuntzetan egin zituzten, eta euskarara ere itzuli zituzten. Euskara edo jatorrizko hizkuntza ez zekitenentzat, aldiz, laguntzaileak egon ziren inguruetan.
Alemania, Argentina, Errumania, Japonia, Errusia eta Bulgariatik etorritako lagunek haien jatorrizko kulturaren isla eman zuten, ipuin, abesti zein kontakizunen bitartez. Iparraldeko euskaldun batek ere frantsesezko ipuin bat kontatu zuen.
Auzolanaren filosofia oinarritzat hartuta, txapa tailerra egin zuten ere, Bitorianoko txokoan. "Tira, izena eman duten lagunen kopurua ikusita, gehiago egin beharko ditugu", nabarmendu du Ruiz de Larrinagak.
Ez da izan, ordea, ekimen bakarra; beste asko bidean daude. Adibidez, Murgiako sarreran hormako irudi bat egiten ari dira. "Aipamen bat jarriko dugu, baina mezua oraindik ere sorpresa da". Abesti bat konposatu dute gainera, koreografia berezi batez lagunduta.
Ekimenaren berri Zuiako herrietan zabaltzeko tresna ugari baliatu dituzte. Lehenik eta behin, aspalditik emaitza onak ematen dituztenak, hala nola kartelak, pankartak eta liburuxkak. Baina komunikazio bide berriak ere jorratu dituzte. Eratu duten sakelako telefono bidezko mezularitza taldea da horren isla. Orain, txapa banaketa egitea falta zaie, eta txapa hori harrotasun ikur bihurraraztea. Izan ere, euskaldunak ahalduntzea da ezarri duten beste helburuetako bat.
Norabide horretan, euskara eguneroko solasaldietan eta harremanetan txertatzeko estrategiak zabaldu nahi dituzte. Horri bideratutako ikastaroak egin dituzte, euskaldunek zein erdaldunek txertatze hori ahalbidetzeko tresnak ezagutu ditzaten.
Ekimenaren ostean balorazio bat egingo dute, eta, horretarako, prest dituzte jada fitxa batzuk, eta baita posta elektronikoaren bitartez bidaltzeko galdetegi bat ere. "Horren bitartez, jendeak posible izango du bere balorazioa egin. Hortik ere informazio interesgarria jasotzea espero dugu", gaineratu du Ruizek.
Aurrera begirako planak oraindik zehazteke dituzte, baina bidea irekita dagoela argi dute ekimenaren sustatzaileek. Urteroko euskal jaia ere heltzear da, eta hor, zalantzarik gabe, martxan jarritako sinergiek garapena izango dute. Bidea hasita dagoelako.