Talde alternatiboen bilgune izango da larunbatean Izarra

Mirian Biteri 2017ko eka. 1a, 09:51

Urkazoka egingo dute gaztetxean.

Talde alternatiboen merkatua gustuko dutenek hitzordua dute larunbatean, ekainaren 3an, Izarran; zain izango dute han Urkabustaizko Gazte Asanbladak, Izarrako gaztetxeak eta Musikgerrillakek elkarlanean antolatutako Urkazoka. Orain arte herriko kultura etxean egin bada ere, aurtengo edizioa gaztetxean izango da.

Egun osoko egitarau oparoa antolatu dute azokaren inguruan, publiko zabalari zuzendutako askotariko jarduerekin, hala nola, gaztetxearen bisita gidatua, umeentzako tailerrak, garagardo ikastaroa edo bazkari musikatua.

Arratsaldean, inguruko hainbat proiekturen berri emango dute: tartean, Arabako gazte euskaltzaleen topaketa, Urkabustaizko Basaude edo Urkazokan parte hartuko dutenena. Aipatzekoa da, aldi berean, 19:00etan, Gasteizko Errekaleor auzokoei babesa helarazteko geldiunea egingo dutela.

20 postutik gora

Azokari dagokionez, musika talde, eskulangile edota kale artisten 20 postu baino gehiago egongo dira ikusgai. Horrez gain, musika eta bestelako emanaldi inprobisatuak egongo dira egun osoan.

Urkarock

Ohikoa den moduan, gauean, Urkarockek hartuko du Urkazokaren lekukoa. Honako taldeak igoko dira agertokira: Metalmania, DNS, Fast Forward, Free City, The Gratix, Akabera eta Fran Zisking disko jartzailea. Bost euroan salduko dira sarrerak.

Egitaraua:

  • 10:00 Gosaria.
  • 10:30 Ongietorria eta bisita gidatua.
  • 10:30 Kontzertua: 2 neskantari.
  • 11:00 Umeentzako tailerrak.
  • 11:00 Garagardo ikastaroa.
  • 13:00 Bertso saioa.
  • 13:30 Kontzertua: Perdido entre ilusiones.
  • 14:00 Herri bazkari musikatua.
  • 16:00 Egitasmo ezberdin aurkezpena.
  • 17:00 Mikrokontzertuak.
  • 19:00 Errekaleorri babesa helarazteko geldiunea; argazkia.
  • 22:00 Urkarock.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide