Aramaioko Udalak Maider Unda herriko alaba kuttuna omenduko du maiatzetik abendura bitartean, kirol profesionalean egindako ibilbideagatik. Hain justu ere, oletarraren "ahalegina, diziplina, esfortzua eta sakrifizoa" aitortu nahi ditu, eta, aldi berean, emakume eta baserritarra izaerak goraipatu.
Egitaraua osatzerako orduan udalerriko taldeen laguntza izan du Udalak: pilota taldea, Leintz Eskola Kirola, Hockey taldea, Orixol mendi elkartea eta Ointxe saskibalioi taldearena, besteak beste. Modu horretan, tokiko talde horietan egiten den lana "kalera atera" eta ezagutaraztea da helburua, eta baita aramaioarren artean kirola praktikatzeko zaletasuna sustatzea ere.
Leintz Eskola Kirolaren jaia
Udaletik jakinarazi dute oraindik ere egitaraua guztiz zehaztuta ez badago ere, dagoeneko hasiera eman dietela olinpiadei, auzoetan jokatu den mus eta briska txapelketarekin. Horrez gain, Leintz Eskola Kirolakoen eskolak ere ikasturte amaierara iritsi direla eta, larunbatean, hilak 27, azken festa egingo dute, Aramaion. Goizean, adinaren araberako hainbat kirol jarduera dituzte, eta eguerdian, ekitaldi nagusia.
Egitaraua:
Ekaina:
- Mus eta briska txapelketako finala.
- Hockey erakustaldia.
Uztaila:
- Ping-pong txapelketa.
- Sokatira erakustaldia.
- Euskadiko Opena. Bizikleta proba.
Iraila
- Aitor Arana mendi martxa.
Urria
- Eskubaloia 3x3 txapelketa.
Azaroa
- San Martin pilota txapelketa.
- Frontenis txapelketa.
Abendua
- Borroka librea erakustaldia eta Maider Undari omenaldia.