alea.eus

Ekainaren 21etik 23ra, euskaraz bizitzeko hautua egin dute Zuian

Mirian Biteri 2017-05-18 11:57   Euskara  Gorbeialdea  Zuia

'Baietz 42!' izeneko ekimen "xume bezain eraginkorra" aurkeztu berri du udalerriko euskaltzale talde batek.

Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu nagusi duen egitasmo berria jarri dute martxan Zuian. Baietz 42! du izena, eta ekainaren 21etik 23ra, 42 ordu iraungo duen herri erronka aurrera ateratzea du helburu; hain justu ere, denbora tarte horretan euskaraz bizitzeko hautua hartuko dute zuiarrek.

Ekimenaren antolatzailea den udalerriko euskaldun talde batek nabarmendu du Zuiako herritarren %30,5ak badakiela euskaraz, eta %51,5ak hitz egin ez, baina ulertzen duela. Baina, horrekin batera, gogorarazi du hizkuntza erabileraren kale neurketaren arabera, udalerrian elkarrizketen %5,8 baino ez dela euskaraz.

Egoerari buelta emateko eta euskararen erabilerari bultzada emateko baldintza egokiak dituztela "sinetsita" daude; eta horretarako, euskaldunek zein erdaldunek errotuta dituzten hainbat jokabide "albo batera uztea" eta ohitura berriak "geure egitea" ezinbestekotzat jotzen du taldeko kide Oier Azkarragak.

Hiru parte-hartzaile mota

Dagoeneko hasi dira parte-hartzaileak lortzen. Hiru mota dituzte. Batetik, euskaraz hitz egiten dakitenak daude; 42 orduz euskarari ahalik eta gehien eutsiko diote horiek, betiere, komunikagarritasuna galdu gabe. Bigarrenik, hitz egin ez baina hizkuntza ulertzen dutenak daude; denbora horretan euskaraz hitz egiteko gonbita egingo dute. Hirugarrenik, ulertzen ez duten euskaltzaleek baina euskaldunei euskaraz egiteko bideak erraztuko dizkietenak daude.  

Antolatzaileek zuiar guztiei egin diete esperientzia berrian parte hartzeko gonbita, euskaldunei zein erdaldunei, merkatariei nahiz erosleei, etorkinei zein bertakoei. Gauza bakarra da eskatzen dena: erronkak irauten duen bitartean, hartutako konpromisoari eustea.

"Ohituren inguruan hausnartzea"

Pasa den ostiralean egindako aurkezpenean azaldu zuten "modu ludikoan" planteatzen dutela erronka, eta, euskararen aldeko "jai erraldoi bat" antolatu beharrean, euskaraz bizitzeko estrategiak probatu nahi dituztela. Horren harira, honakoa azpimarratu du Azkarragak: "Eguneroko ekintza xume eta normalak dira gure xede, helburua ohituren inguruan hausnartzea baita. Hala, konturatuko gara nola funtzionatzen dugun, eta nola funtziona genezakeen".

Ekimenak arrakasta izan dezan, ekainera bitartean hainbat girotze lan egingo dituztela iragarri dute. Besteak beste, parte-hartzaileak erakartzeko herriz herri joango dira eta elkarte eta mugimenduekin harremanetan jarriko dira. Zuiarrak erronkarako ere prestatuko dituzte beharrak identifikatuz eta baliabideak eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa