Gerra garaiko bi gotorleku ikertzen ari dira Zigoitian

Mirian Biteri 2017ko mai. 4a, 12:09

1937. urteko grafitiak dituzte defentsa sistemek; analisia eta dokumentazioa osatuko dute eta balioan ere jarriko dituzte.

Zigoitia aldean Espainiako gerran eraikitako bi gotorleku errepublikano  induskatzen dabiltza egunotan EHUko arkeologoak. Asteartean hasi ziren Legutioko Ollerieta auzo eta Zigoitiko Etxaguen herrien artean dagoen Ketura izeneko ingurunean lan egiten, eta aurreikuspenen arabera, hilaren 14ra arte luzatuko dira lanak.

Porlanaz eraikitako bi gotorleku karratu dira Josu Santamariak eta Xurxo Ayanek gidatutako zortzi ikerlarien taldea aztertzen dabiltzanak; garai hartako grafitiak kontserbatzen dituzte bi forteek. Besteak beste, eraikinen eraikitze data (1937ko martxoaren 10a), bertan aterpe hartu zuen destakamentu militarraren izena (Batallon Madrid)  eta Pablo Mendieta edo Fidel Fernandez bezalako izen propioak agertzen dira. Mailua eta igitaia komunista ere ikusgai daude, Francoren erregimenak hamarkada luzez isilpean mantendu bazituen ere.

Esan bezala, ikertaldeak defentsa sistema historiko horren lan integrala egingo du egunotan, gerra-posizio horien analisia eta dokumentazioa osatuz. Horrez gain, beharrezkoak diren sendotze eta egokitze-lanak egingo dira, publikoki bisitagarriak izan daitezen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago