"Berezia da Arabako Urrezko Domina; aitaren zati bat da"

Mirian Biteri 2017ko api. 26a, 12:31

Sariak baino ez ditu jaso azkenaldian Juanjo Mena musikagile gasteiztarrak. Horien artean Arabako Urrezko Domina. Ostiralean, apirilaren 28an, jasoko du Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen eskutik saria.

Berezia da zuretzako Arabako Urrezko Domina jasotzea. Zergatik?
Aitaren zati bat delako sari hau. Berarekin gogoratu nintzen diputatu nagusiak deitu zidanean. Orain dela hainbat urte hil zen aita; arabar petoa zen bera, bere herrialdea asko maite zuena. San Prudentzio eguna berarekin eta familiarekin lotzen dut: goizean Armentiara igotzea, oraindik ere zarata asko ez zegoenean, zerbait hartu eta ostera ere behera. Hortaz, diputatuak saria onartzen ote nuen galdetu zidanean aitagatik onartu behar nuela pentsatu nuen. Nire ibilbide profesionalean eragin handia izan du berak; oso diziplinatua zen eta hori ezinbestekoa da zuzendari batentzako.

Zer plan duzu ostiralerako?
Betikoa. Aitarekin egiten genuen bezala, goizean goiz igotzen saiatuko gara eta gero Artiumera joango gara, han jasoko dut eta domina. Egun normala egingo dugu, gainerako urteetakoaren oso antzekoa.  

Sari asko eman dizkizute azkenaldian…
Hala da, bai. Bilbon urte asko eman ostean, BBC Philharmonic Orkestraren zuzendari titularra izendatzearekin batera hasi ziren sariak heltzen; munduko orkestra onena askorentzat. Hor dago gakoa, ez dut uste gaur pasa den astean baino musikari hobeagoa naizenik. Esaten ohi da esker onak ematen dizkizutenean zure heriotza gertu dagoela; horrenbeste sari jasotzeak zer pentsatu ematen dizu, baina oraindik beste 20 edo 25 urte ditut aurretik musika egiteko.

Ogibide honetan esperientziarekin sortzen da musika onena. Hori esanda, eskertzekoak dira saria guztiak, errespetuz eta maitasunez jasotzen ditut. Baina, ni ez naiz ezer aurrean komunikatzeko ezer ez badut. Nire ibilbidean ehunka lagun izan dira entseguetan nire mozte, zuzenketak, iritziak eta bestelakoak jasaten. Sariak guzti horienak ere badira.

Espainiako musika sari nazionala jasotzean salatu zenuen musikak ez duela erakundeen babes nahikorik...
Sariak aprobetxatzen ari naiz doktrina emateko. Juanjo Mena Zaramaga auzoan jaio zen, musikarekin inolako zerikusirik ez zuen langile familia batean. Hamaika urterekin martxoaren 3ko gertaerak tristuraz ikusi nituen; baina, aurretik etxe pareko ikastetxera eraman beharrean, gurasoek Samaniegon matrikulatu ninduten. Gogoan dut Antxon Lete irakaslea flautarekin agertu zen eguna; umeen abesbatza bat zuzentzen zuen ikastetxean eta ikasturte hasieran geletatik pasatzen zen haurren ahotsak entzuteko. Abesteko gonbita egin zidan, eta gurasoek baietza eman zuten. Hari esker heldu naiz heldu naizen tokira; Leteri esker eta auzoko Feliciano txistulari eta oso xumea zen jendeari esker.

Honekin esan nahi dut hezkuntza ezinbestekoa izan behar dela. Hamar urte ditugunean, badakigu irakurtzen eta idazten, baina musikaz ezer ez; ikastetxetik ateratzean jakin beharko genuke partitura bat irakurtzen. LOGSE eta horrelako ikasketek ere ez dute laguntzen; semeak ikaragarrizko arazoak ditu kontserbatorioko gradu ertaineko ikasketak batxilergoarekin uztartzeko. Ez dituzte arteak errespetatzen; gaur egun matematikak, teknologia edo kirola goraipatzen dute. Datozen belaunaldietan aldaketa hori jasango du gizarteak.

Semea bezala zu ere Gasteizko kontserbatoriotik pasa zinen. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Garai horietan oso aktiboa nintzen eta oso jende gutxik daki urtero botatzen nindutela kontserbatoriotik, eta gero amarekin bueltatu behar nintzela berriz hartzeko. Guztia erraz ikusten nuelako zen hori, esfortzu askorik ez nuen egin behar ikasteko. Bestalde, bertako irakasle asko ditut gogoan, ni konturatu gabe asko irakatsi zidatenak; tartean, Jesus Moraza txistu irakasleak edo klarinetea jotzen erakutsi zidan eta 13 urterekin udal bandan jotzea eskaini zidan Otxoak. Egia esan, nire bizitzan dena heldu da oso modu samurrean, pasatzen ziren trenak hartu izan ditut beti eta horiek eraman naute gaur egun naizen horretara.

Tren horietako batean Carmelo Bernaola zihoan, ezta?
Bai. 13 urte nituenean heldu zen Carmelo Gasteizera; kontserbatorio serioa eta profesionala sortu zuen. Irakaslea izateaz gain, laguna eta konplizea ere bazen. Ni konturatu gabe jarraitu beharreko ibilbidea markatu zuen; baina musikaz gain, nire herria gehiago maitatzen erakutsi zidan, baita Bilbo eta Athletic futbol taldea ere. Bera oso zuzena zen, zenbat astakeri ez ote ditut entzun bere ahotik Otxandioko Maria Jesusen jatetxean geundenean. Beti dut gogoan Carmelo.

Ordutik hona orkestra askotan jardun duzu. Guztietatik zein azpimarratuko zenuke?
Bilboko orkestra sinfonikoa eta horra heldu nintzen arrazoia: Euskal Herriko gazte orkestra. Oso proiektu garrantzitsua izan zen orkestra hori sortzea. Asko ikasi nuen gazte horiekin, ederto jotzen zuten eta oso orkestra ona egin genuen. Hortik pasa nintzen Bilbokora; nire ibilbidean funtsezkoa izan den orkestra da. Arreta, maitasuna eta denbora behar nuen garai hartan, eta baneukan hori guztia. Bertako musikariekin ere asko ikasi nuen, errepertorio zabala sortu nuen urte horiek guztietan. 2004tik aurrera, Europa eta Amerikako orkestretatik mugitzen hasi nintzenean banituen ordurako obra horiek eginda eta guzti horrek asko errazten du bidea.

Orkestraren bat geratzen zaizu gidatzeke?
Beti egongo dira asko direlako. Erronkak badaude, noski. Amerikan orkestra handi gehienetan egon naiz, San Frantziskon izan ezik. Oso harreman ona daukat guztiekin; kontuan izan behar da gure ogibidean garrantzitsuena ez dela behin joatea, gonbidapena berriz ere jasotzea baizik. Europa mailan, Alemanian badaude hainbat oraindik; besteak beste, Munichen. Gustatuko litzaidake baita ere Amsterdameko Concertgebouw orkestra zuzentzea; munduko orkestrarik onena, agian. Heltzen baldin badira, ongietorriak izango dira.

Zer behar du izan zuzendari on batek?
Ezinbestekoa da orkestra maila askotan entzuten jakitea, eta ez bakarrik alde teknikoari erreparatuta; psikologikoki entzuten ere jakin behar dugu. Badago jende asko musikaren historiaz eta partiturez ni baino asko gehiago dakiena, baina komunikazioan huts egiten duena. 16 urte nituela 8 eta 14 urte bitarteko 100 neskekin osatutako abesbatza sortu nuen Niño Jesus ikastetxean. Hutsetik hasi ginen, ez zekiten eta ezer musikaz. Hor ikasi nuen zuzentzerakoan niretzako funtsezkoa dena: hain justu, aurrean duzun taldearekin energia elkartrukatzea. Jarraian, beste hainbat abesbatza zuzendu nituen eta 22 urterekin Madrilgo kontserbatoriora heldu nintzen zuzendaritza ikasteko, eta Enrique Garcia Ansensio irakaslearekin teknika ikasi nuen. Baina, teknikaz gain, gauza gehiago behar dira zuzentzerako orduan; eta nik, ordurako, banuen komunikatzeko gaitasun hori, abesbatza horietan izandako bizipenei esker. Hori da, hain zuzen ere, zuzentzea: aurrean duzunarekin hitz egitea, entzutea eta hobetzeko behar duena ezagutzea.

Musika klasikoa edo garaikidea? Biak uztartzen dituzu eta.
Ez ditut gehiegi bereizten. Musika garaikidea egin beharreko zerbait da, 200 edo 300 urte atzeragoko errepertorioari errespetua galdu gabe. Badaude hainbat alditako obra funtsezkoak direnak, hala nola, erromantiko, klasizismo, neoklasiko edo erromantizismokoak eta baita XX. mendeko iraultza industrialak musikan eragindako aldaketakoak. Bilakaera horrekin musika ere aldatu behar izan zen, bestela errepikakorra bilakatzen zelako. Hor hasi zen musika garaikidea egiten. Bilbora titular moduan iritsi nintzenean, garaikidea zetorrela zioten; 18 urterekin musika garaikideari buruzko abesbatza sortu nuen eta herrietatik joaten ginen musika arraroa egiten. Esan bezala, egin beharreko zerbait da musika garaikidea. Historiak esango du zein izan den XXI. mendeko musika ona.

Musika alde batera utziko dugu jarraian. Lana dela eta, denbora asko ematen duzu etxetik kanpo. Zelan daramazu?
Ez da erraza normalean, eta kanpoan baldin bazaude gutxiago. Zoragarria da dudan familia eta Noemi emaztea oinarrizkoa da horretan; txikiek ere egoerara moldatzen ikasi dute. Beharrezkoak eta guztiz naturalak diren hainbat kontu onartu behar izan dut; esaterako, seme-alabek dituzten jarduera osagarriak direla eta senideen gertutasunagatik, Legutiotik Gasteizera bizitzen joan behar izatea. Etxetik kanpo denbora asko pasatzen hasi nintzenean erabaki genuen hiriburura joatea. Onartu behar dut aldaketa eraginkorra eta praktikoa izan dela baina nire etxea Legutiokoak izaten jarraitzen du.

Beste zuzendari askok familia eramaten dute beraiekin…
Hala da, baina guk ez dugu horrela egin. Ezagutzen ditut hainbat lankide familian arazoak izan dituztenak horregatik. Zuzendari titularra zarenean, urtean 16 edo 20 asterekin lan eginda nahikoa da; urteak beste 30 aste inguru ditu eta denbora tarte horretan mundu osotik mugitzen gara, beste orkestrek gonbidatzen gaituztelako. Eta familia zuzendari titularra zaren tokian uzten duzu. Horren aurrean, erabaki genuen ni izango nintzela mugitzen zena. Familiak zu gabe bizitzen ikasten du, normala da, baina, oraingoz, behintzat, asmatu egin dugula iruditzen zait. Zuzendariok esan dezakegu bi bizitza ditugula: hemengoa, familiarekin, eta, lanekoa.

Zer dago ezagutzen dugun Juanjo Menarekin atzetik?
Batzuetan uste dut ibilbide profesionala distiratsuagoa izango zela  harroputzagoa izango banintz. Zaramaga auzokoa naiz, behetik hazitakoa. Eskolan ikasleen musika tresnak fintzen nituen eta Bergarara kontzertuak ematen joaten ginenean furgoneta gidatzen nuen. Ezagutzen nauenak badaki xumea naizela.

Musikaz harago, baduzu zaletasunik?
Oso denbora gutxi dugu eta zaila da zaletasunik izatea. Azkenaldian, baina, fisikoaz arduratzen naiz. Orain arte ez naiz zaindu eta igartzen hasi naiz. Durangoko fisioteraupeuta batekin nabil fisikoki ondo mantentzeko. Kirola egin beharko nuke baina ordutegiek ez naute uzten; 12 orduz lan egiten egon ostean, leher eginda heltzen naiz hotelera. Bestalde, badaukat motorzalea den lagun bat, eta banabil ni ere horretan pentsatzen. Baina, hona natorrenean, familiarekin egon nahi dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago